AEBetako hauteskundeak

Euskaldunak "terroristekin" parekatu ditu John Kerry hautagai demokratak

AEBetako lehendakarigai demokrata izateko ahaleginean dabilen John Kerry senatore demokratak euskaldunak "terroristekin" parekatu zituen urtarrilaren 31an Oklahoman egin zuen hitzaldian. Terrorismoari buruz galdetu zioten Kerryri, eta erantzun zuen, munduan bazirela hainbat herrialde urteetan "terrorismoarekin" bizi behar izan zutenak. Hala, Irlanda eta Erresuma Batua aipatu zituen "IRAren terrorismoa" aipatuz, eta, halaber, India eta Espainia, hurrenez hurren, "sikhen eta euskaldunen terrorismoa" nabarmenduz. Irlanda eta Erresuma Batuko kasuan, IRAren izen zehatza aipatu zuen; Espainiari eta Indiari buruz aritzean, ordea, "euskaldunak" eta "sikhak", guztiak, "terrorismoaren" zakuan sartu zituen. Hori dela eta, IBO Giza Eskubideen aldeko Naziorteko Euskal Erakundeak kanpaina hasi du Kerryk barkamena eska dezan.

2004ko otsailaren 9a
17:06
Entzun
Sikhek dagoeneko egin dute kanpaina hori, hau da, herri gisa "terrorismoarekin" parekatu izana salatzeko. Zehazki, otsailaren 6an barkamena eskatu zuen ofizialki Kerry hautagaiak.

IBO erakundeak, euskaldunekin gauza bera egitea nahi du, eta, ondorioz, lehendakarigaitarako hautagai demokratak akatsa zuzen dezan eskatzeko kanpaina jarri dute martxan. Zehazki, Kerry senatorearen kanpaina arduradunei posta elektroniko bidez mezuak bidaltzeko eskatu du talde horrek. Honakoa da helbidea: [email protected].

Bestalde, Maine estatuko batzar demokratan, caucus -ean, Kerry izan da irabazle, eta, ondorioz, azaroan Alderdi Demokratako lehendakarigaia izateko bidean sendotzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.