Frantziako legeak ofizialtasuna ukatzen dio euskarari, eta horren ondorioz, hizkuntza politika borondatean oinarritu behar dela dio Jean Claude Iriart EEPko zuzendariak. «Legea bertze bat balitz, bertze politika bat osa genezake, baina oraingoa errespetatuz osatu dugu hizkuntza politika». Urrats garrantzitsua da EEPk egindakoa, lehen aldiz hizkuntza politikaren zirriborroa onartu dutelako botere publikoek. Lehen aldiz, euskal hiztunen galera ez dela gelditu onartu du txosten ofizial batek.
Euskaraz ongi dakitenen artean, 16-29 urtekoak 30-45 urtekoak baino gehiago dira. Emendatze horretan, irakaskuntza bidezko transmisioaren lehen ondorioak ikusten ditu EEPk eta bultzatu nahi ditu. Kopuruarekin batera, hizkuntza kalitatea bermatu nahi dute. Hori lortzeko denbora beharko da. Aldiz, helburu zehatzik eta eperik ere ez da aipatzen EEPren zirriborroan, borondatez bete daitezkeen helburuak baizik. EEPren iraupena 2010ean bukatuko da, eta gero, botere publikoek erabakiko dute nolako egitura emango dioten hizkuntza politikari.
Hamaika erronka edo lan ildo nagusiren inguruan eratuko da hizkuntza politika. Lehen hirurak transmisioaren atalekoak dira: familia, haur eta gazteak eta hezkuntza. Bost erronka hizkuntza inguruari loturik daude: aisialdia, bizi publikoa, hedabideak, argitalpenak eta toponimia. Azken lauak erabat berriak dira, orain arteko erakunde edo egiturek kontuan hartu ez dituztenak. Azkenik, zeharkako hiru ildo atxiki dituzte: helduen irakaskuntza, kalitatea eta motibazioa. Azken biak ere lehen aldiz aipatzen dira erakunde publikoen txostenetan.
Lan ildo guztietan neurgailuak jarriko dituzte, bilatzen den helburua lortzen den edo ez jakiteko. Euskalgintzako gizarte eragileen aspaldiko eskakizuna da hori, eta EEPk barnatu du oraingoan. Sortuko badira ere, oraindik ez dituzte zehaztu, eragileen ekarpenak eta lehenesten diren lan ildoak ezagutu nahi dituztelako lehenik.
EEPk hezkuntza arloan ikerketa kuantitatiboa egin zuen iaz, eta hizkuntza politikaren ildoetan lehenetsiko balute, eredu ezberdinetan eskolatuak dauden haurren hizkuntz trebetasuna neurtu beharko dute. Txostenean ez dute aipatzen hezkuntza publikoan murgiltze eredua sortzeko xederik. Max Brisson EEPko presidenteak azaldu du legeak ez duela ildo hori onartzen eta elementu anitz daudela, txostenean bildu dituztenak, haur eta helduen hizkuntz trebetasunean zeharka eragiten dutenak. «Helduen irakaskuntzak, hedabideen hizkuntz kalitateak edota aisialdiak hezkuntzari lagundu diezaiokete kalitate helburuak lortzeko».
URTARRILERAKO INDARREAN. Ondoko asteotan Aholkularitza Batzordeko kide guztiei igorriko die EEPk hizkuntza politikaren aurretxostena, urriaren 26ko bilkuran aztertu eta eztabaida dezaten. Ez dute ukan txostena osatu eta euskarara itzultzeko denborarik, eta hori egindakoan igorriko diete eragileei. Azaro bukaera arte eragileek hilabete ukanen dute ekarpenak idatziz egiteko. EEPk ere ekarpenak eginen ditu.
Gardentasuna atxiki nahi duela azaldu du EEPk. «Onartzen diren ekarpenak eta onartzen ez direnak bilduko ditugu eta azken txostenarekin batera zabaldu.
Abenduaren 21ean Administrazio Kontseiluak aurrekontuak finkatuko ditu eta hizkuntza politika indarrean egonen da.
Presaka dabiltza, baina urtarrilerako dena plantan egonen dela azaldu du Iriartek. Botere Publikoak dira EEPren finantzabidea. Lehenesten diren lan ildo eta neurrien aurrekontua osatuta, iazko aurrekontua nabarmen gainditzea espero dutela azaldu du Iriartek, horren inguruko argibiderik eman gabe.
Xedea urte anitzetarako bada ere, aurrekontua urtez urte bozkatu behar dute Botere Publikoek. Aurten hasita eta 2010. urtera arte emendatuko dela espero dute.
Hezkuntzan, adibidez, irakasleen prestakuntza bultzatzea onartu da eta Akademia Errektoreak bat egin du xedearekin. Alta, eskaintza egin den tokietan izen emateek inkestetako emaitzak gainditu dituzte.
[email protected]
Ardatzak eta epeak
Hamaika erronkak burutzeko, bertzeak bertze, honako lan ardatz hauek bultzatzea aurrikusten du Euskararen Erakunde Publikoak:Lan ardatzak. Transmisioa bultzatzeko animazio programak osatzea; haurtzaindegi sarea egituratzea; haurtzaindegi eta ikastetxeetako irakasleen prestakuntza; eskaintza dagoen herrietan irakaskuntza ele bitan bermatzea; materialgintzan dihardutenegiturak laguntzea, euskara teknikarien sarea sortzea.
EgutegiaUrriak 26. Aholkularitza Batzordean eztabaidatuko dute. Hilabeteko epea izango dute ekarpenak idatziz egiteko.
Abenduak 21. EEPren administrazio kontseiluak onartu edo ez bozkatuko du, aurrekontuak finkatuz. 2007an indarrean egonen da.
«Aurrekontua eta gizartearen oniritzia funtsezkoak dira eraginkorrak izateko»
Max Brisson Euskararen Erakunde Publikoko PresidenteaUrriaren 26an Aholku Batzordeari aurkeztuko diote hizkuntza politikaren zirriborroa, eta Administrazio Kontseiluak abenduan onartuko du, aurrekontuak finkatuzAitor RenteriaBaiona
Hizkuntza politikaren nondik norakoak aurkeztu ditu Euskararen Erakunde Publikoak. Alta, eraginkortasuna baldintzatuko duten elementu ugari daude oraindik zintzilik, helburuak lortzeko epeak, aurrekontua eta lehentasunak bertzeak bertze.
Euskal hiztunak irabaztea bermatuko du hizkuntza politikak?Testuingurua eta legeak eragiten duen egoera hartu behar dira kontuan. Helburu nagusiak ezin argiago finkatu ditugu. Euskararen galera gelditu eta hiztunak irabaztea da lehen helburua. Jomuga belaunaldi berriak izanen dira. Lehen aldiz espero dugu belaunaldi berrietan helduetan baino euskal hiztun gehiago egotea.
Euskal Konfederazioak helarazi zizuen txostenean oinarritu zarete hizkuntza politikaren helburuak eta ildoak finkatzeko?Euskal Konfederazioaren gogoetak eta ekarpenak bildu ditugu, eta pozten gara haiek bat egiten badute txostenarekin. Baina lan eremua zabala izan da eta eragile anitzekin bildu gara, denen ekarpenak hartuz, bai norabide orokorretan, bai lan ardatzetan. Botere Publikoentzat berriak dira kontzeptu horiek. Sekula ez da hizkuntza politikarik egin. Beraz helburu estrategikoak eta ardatzak nabarmendu ditugu. Hizkuntza politika eraginkorra izan dadin, ikuspegi transbersala atxiki behar da, hots, hainbat ardatzen arteko eragina. EEPk bakarrik ezin du euskara berreskuratu, eragile guztien engaiamendua eta parte-hartzea beharrezkoak dira.
Hiztun osoak sortzea aipatzen duzue. Posible da kopuruak zehaztea?Borondatezko atxikimenduan oinarritzen da gure politika. Ezin da inposatu euskararen erabilera. Euskararen aldeko jarrera sustatzea da gure lana. Urratsak egitea edo ez, eragile bakoitzaren engaiamendua da, eta ezin gara arlo horretan sartu. Gure aldetik, motibazioa, atxikimendua, ezagutza eta erabilera sustatuko ditugu. Hamar urtean, 15.000 hiztun baino gehiago galdu ditu euskarak. Euskal hiztunen parte handi batek 65 urte baino gehiago dituelako. Familia transmisioa hausturan dago. Lehen aldiz euskara dakiten gazteen (16-29 urte) kopurua 30-45 bitarteko helduena baino handiagoa izatea espero dugu. Horrek frogatuko luke eskolaren bidez abiatu den transmisioa eraginkorra dela eta lehen uzta ekarri duela.Hiztunen galera gelditzea eta euskal hiztunen kopurua emendatzea da lehen helburua.
Neurgailuen presentzia ere berrikuntza da, orain artean euskalgintzatik behin eta berriz azpimarratu den gabezia.Neurgailuen beharra elementu berritzailea da. Ez soilik guretzat, baizik eta bizi publikoko edozein sailetan, administrazioan ez dagoelako ohitura hori. Funtsezko tresna da ongi goazen edo ez jakiteko . Urtero egindakoaren bilduma egin eta akatsak edo gabeziak islatuko ditu, zuzentzeko parada emanez.
Hizkuntza politika eraginkorra izan dadin epeak garrantzitsuak dira. Zein dira xedeari finkatu dizkiozuen epeak?Euskararen berreskuratze prozesua korapilatsua da, urte anitzetarako politika. Guri dagokigunez, epeak bi mailatan kokatzen dira. Erronken eta norabideen atalean, ondoko 15 urteko politika finkatu dugu. Hizkuntza politikak eraginkorra izan behar du orain, edo ez da sekula izanen. Maila horretan Euskal Herria 2020 gogoetan kokatzen gara eta belaunaldiek urteetan gora egin ahala ikusiko da eraginkortasuna. Bertze maila batean, erakunde gisa ditugun epeak daude. Gure egiturak berezko epea du, 2010. urtera arte. Botere Publikoek erabaki dezakete epe hori gaindituta beharrezkoa dela eta jarraipena ematea delibera dezakete. Gure partetik argi dugu 2007an hizkuntza politika abian ezartzeko tresna prest dagoela.
Hizkuntza politikaren hezurdura prest duzue, baina erabat baldintzatuko duen elementua falta da, aurrekontua. Nolako aurrekontua behar duzue ?Oraindik ez da aurrekonturik zehaztu. Behin-behineko egitasmotik behin betikora pasatzean zehaztuko da hori. Espero dugu 2007an nabarmenki emendatuko dela eta horrela segituko duela ondoko urteotan. Helburuetara heltzeko erritmoa finkatuko digu aurrekontuak. Ez dugu urte baterako politika finkatu, ondoko urteotarako ardatz nagusiak baizik. Beraz, espero dugu aurrekontua nabarmen haztea. Argudio sendoak ditugu hori eskatzeko. Aurrekontu egokia eta gizartearen oniritzia funtsezko elementuak dira, hizkuntza politika eraginkorra nahi badugu. Aurrekontuak aitzinatzeko gaitasuna baldintzatuko du. Aurrekontuari dagokionez, ezin da mirakulurik igurikatu, eta, halabeharrez, progresiboa izanen da. Oinarria egitasmoa da, eta horrek aurrekontua emendatzea eraginen du, aurrekontuaren emendatzeak egitasmo eraginkorragoak eraginen dituen bezala. Etengabeko bataila izanen da hori. Hitzarmen Berezia izenpetu zenetik EEPren sorrerara urratsak egin dira. Hizkuntza Politikarekin ere urratsak eginen direla espero dugu. Mailak igotzen ari gara.
Beraz, lehen neurgailua aurrekontua bera izanen da.Gardentasun osoz burutzen dugu lana. Nornahik ikus dezake zer egiten dugun, zer ez eta zergatik. Ezin da hizkuntza politikako ardatz guztietan eragin orain berean. Lehentasunak finkatu beharko dira lan eremu berriei ekiteko.
Eremu berriak aipatzen dituzu, baina kontu zaharrak daude zintzilik. SNCFk euskara baztertu du Baionako tren geltokiko eraberritze lanetan. Zer diozu?Hainbat bilkura egin ditugu SNCF tren konpainiarekin erronka hori gainditzeko. Txosten teknikoa aurkeztu diegu, eta elkarrekin aztertzen ari gara zer egin daitekeen. Guk euskararen presentzia eta erabilera sustatu nahi ditugu bizi publikoan. Lana ez da SNCFra mugatzen. Eragile publiko eta pribatuekin ere bildu gara, hala nola Posta, Baionako Aviron, Miarritzeko Olimpique, Lyonnaise des eaux ura kudeatzen duen enpresarekin edo Baionako Herriko Etxearekin. Ez dakigu hitzarmenak lortuko ditugun edo ez, baina guk egin dugu urratsa eta aztertzen ari dira. Norbaitek arlo folklorikora mugatu nahi badu euskara, jakin dezala guk ez dugula parte hartuko joko horretan.Eusko Jaurlaritzarekin batera protokoloa osatzen ari zarete. Presioa egin duzue gainerateko eragileak, Udalbide hain zuzen ere, hizkuntza politikatik at uzteko ?Gauzak argi nahi ditugu. Guk daramagu hizkuntza politika, eta harremanak erakunde ofizialekin nahi ditugu. Harreman argiak ditugu Eusko Jaurlaritzarekin, eta orain artean ez da trabarik izan. Horrela segitu nahi dugu.
Protokoloak Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea mugatuko du?Ez. Laguntza publikoek hizkuntza politika plantan emateko akuilua izan behar dute, ez muga. Egia da Botere Publikoek hein berean hartzen dutela parte EEPren aurrekontuan, baina Eusko Jaurlaritzak nahi duen diru partida bozka dezake hemen eragiteko. Guk ez dugu mugatzen laguntza hori eta erabakiko balute hirukoiztea, guk ez genieke ezetzik erranen. Baina argi dugu laguntza publiko guztiak norabide berean abiatu behar direla, ez dugu erakunde ofizialetik kanpoko esku-hartzerik nahi.