Alemania

Eutanasia zigortzea konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi du Alemaniak

Alemanian, bost urte arteko kartzelarekin zigortzen da norbaiti hiltzen laguntzea. Aldiz, legezkoa da tratamendu bat etetea, gaixoak eskatuz gero.

Alemaniako Auzitegi Konstituzionala. THORSTEN WAGNER, EFE
2020ko otsailaren 26a
11:56
Entzun

Alemaniako Auzitegi Konstituzionalak konstituzioaren aurkakotzat jo du eutanasia zigortzea. Hortaz, erabaki horrekin, pertsona baten sufrimendua laburtzearren heriotza eragitea legeztatzeari babesa eman dio epaitegiak —herrialde horretan legezkoa da tratamendu bat etetea, gaixoak eskatuz gero—.

Alemaniako Parlamentuak 2015ean onartu zuen Zigor Kode eguneratua, eta testu horretako 217. artikuluaren arabera, suizidio lagundua eskaintzen zutenek bost urte arteko espetxe zigorra jaso zezaketen.

Ordea, Andreas Vosskuhle Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak erabakiaren berri ematean argudiatu duenez, legeen bidez susta daiteke suizidioaren prebentzioa, baina eutanasia zigortzea konstituzioaren aurka doa: «Norbanakoen hiltzeko modua eta momentua erabakitzeko eskubidea dute. Erabakia deitoratu dezakegu, ahal dugun guztia egin dezakegu iritzia aldarazteko, baina onartu behar dugu [erabakia] modu librean hartu duela».

Vosskuhlek aipatu du eskubide horren barruan legoke, hortaz, bere buruaz beste egiteko aukera, eta baita horretarako beste pertsona bati laguntza eskatzekoa ere.

Ez da lehen aldia Alemaniako auzitegiek artikulu horren aurkako erabakia hartzen dutela: iaz, hiru gaixori beren buruaz beste egiten lagundu zieten bi mediku errugabetzat jo zituen Auzitegi Gorenak. Giza hilketa leporatzen zieten biei, gaixoek eskatuta hiltzen laguntzeko botikak prestatzeagatik.

Gaurko erabakiaren ondorioz, parlamentuko diputatuek legedia berritu beharko dute; 2015eko eguneraketa onartzean azaldu zutenez, 217. artikuluaren helburua zen suizidioa «negozio mota batean bilakatzea» eragoztea taldeei eta norbanakoei.

Horrek eragin zuen eri zeuden norbanako asko Herbehereetara edo Suitzara joatea eutanasia egiteko; eta bidaia hori egiteko ahulegi zeudenek edo gastu horiek jasateko babesa finantzarioa ez zutenek senideei eskatu behar izaten zieten euren sufrimendua amaitzeko.

Testuinguru horrengatik, hainbat gaixok eraman zuten kasua Auzitegi Konstituzionalera.

Europan lau herrialdek despenalizatu dute

Alemania ez da azken asteetan eutanasiaren aldeko jarrera agertu duen lehen herrialdea: iragan astean, Portugalgo Legebiltzarrak eutanasia despenalizatzearen alde bozkatu zuen. Agintean den Alderdi Sozialistaren, eta Ezkerreko Blokearen eta ekologisten aldeko botoei esker onartu zuten.

Portugalen bigarren saialdian atera da despenalizazioa; 2017an gutxigatik eman zioten ezezkoa, Alderdi Komunistak kontra bozkatu zuelako.

Harekin, lau dira dagoeneko neurria ontzat eman duten Europako herrialdeak, Belgikan, Herbehereetan eta Luxenburgon ere legezkoa baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.