Boliviako Gobernu ezkertiarraren oposizioak lehen autonomia erreferenduma egin zuen atzo, Santa Cruzko eskualdean, eta, komunikabideen lehen sondeoen arabera, autonomiaren aldekoek irabazi egin dute, botoen %80ko babesa jasota. Evo Morales gobernuburuak, aldiz, adierazi du "porrota" izan dela erreferenduma, baina prest azaldu da "bihartik benetako autonomiaz" hitz egiteko. "Herrientzako autonomia bermatu behar da, ez taldeentzakoa", esan du.
Erreferenduma egin aurretik, legez kanpokotzat jo zuen hura Moralesek. Indarrean dagoen konstituzioari jarraiki, ezein eskualdek ezin du bere kabuz, Kongresuaren baimenik gabe, erreferendumik antolatu.
Ruben Costas Santa Cruzko prefeta oso gustura azaldu da lehen sondeoen emaitzekin, eta "errepublika berri baterako bidea" egiteko direla adierazi du. "Hala, Hego Ameriketako estaturik dezentralizatuena izango da Bolivia, nahiz eta boterea demokratizatzeko borroka ez den erraza izango".
Estatua banaketa politikora amiltzeko zorian da, atzokoaren bidetik beste hiru galdeketa antolatuko baitituzte ekainean Morales gobernuburuaren ekimenaren aurka dauden eskualdeetako agintariek: Beni, Pando eta Tarijan. Hirurak Hego Ameriketako herrialde txiroeneko lurralde aberatsenak dira, eta Andeetako bizitza idorretik aldenduta daude, Boliviaren ekialdean. Etorkizun oparoa bermatze aldera, La Pazko gobernuari autonomia galdegiten diotebaina, Moralesen agintearen ikuspuntutik, Boliviaren banaketa politikoa sustatzeko lehen pausoa da.
Bolivia
Evo Morales prest da "benetako autonomiaz" hitz egiteko
Boliviako oposizioak autonomia erreferenduma egin zuen atzo Santa Cruzko eskualdean eta, lehen sondeoen arabera, autonomiaren aldekoek irabazi egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu