Igandeko liskarren ondoren, Evo Morales Boliviako presidentea saiatu da herrialdeko egoera baretzen, baina ez du lortu. Adituen arabera, 2006tik, agintera iritsi zenetik, izan den krisi sakonenean dago gobernua. Neurri handi batean, indigenei esker lortu zuen Moralesek agintea, babesa emango ziela aginduta, baina buruhauste bilakatu zaizkio orain. Parke natural bat bitan zatituz indigenen lurretatik pasatzekoa zen errepide bat, eta Poliziak haien aurka erabilitako errepresioak gobernuaren aurka jarri ditu herritarrak.
Egoerari buelta emateko, errepidearen proiektua bertan behera utzi du Moralesek, baina behin-behineko erabakia baino ez da, erreferenduma egin bitartean. Defentsa eta Barne ministro berriak ere izendatu ditu dagoeneko, aurrekoek dimisioa eman baitzuten Poliziak errepidearen aurkako martxa desegiteko erabili zuen errepresioagatik. Dena den, ez du herria baretzea lortu, eta hiri gehienetan protestak egin dituzte gobernuaren aurka. Hainbat sektoretan, berriz, greba egin dute, eta indigenek errepidearen aurkako martxa berriro hasiko dutela jakinarazi dute. Izan ere, proiektua gelditzea nahikoa ez dela, eta behin betiko bertan behera geratzea nahi dute.
Boliviako Langileen Zentralakegin du 24 orduko grebarako deia —herrialdeko langileen sindikatu guztiak biltzen ditu—, «presidentearen aurka protesta egiteko eta indigenei eraso zietenei zigorra ezartzeko exijitzeko».
Gobernuak eraiki nahi zuen errepidea indigenen lurretatik pasatzekoa zen, Tipnis parke ekologikoa erdi-erditik zatituz. Horren aurka protesta egiteko, indigenek martxa bat antolatu zuten joan den abuztuaren erdialdean, baina Poliziak desegin egin zuen igandean. Moralesek berak ere aitortu behar izan zuen Poliziaren bortizkeria, eta hainbat goi karguk dimisioa eman behar izan dute. Dena den, ez dute igandeko gatazkaren erantzukizuna euren gain hartu, eta, adierazi dutenez, «eskuinari gobernuaren aurka presio egitea eragozteko» utzi dute kargua. Hala, «giza eskubideen errespetua oinarri hartuta, armada eta Polizia eraldatzeko» eskatu die Moralesek ministro berriei.
«Eskuinaren manipulazioa»
Presidentearen ustetan, eskuina datuak manipulatzen ari da, gobernuaren izena zikintzeko, eta «aurrera eraman nahi duen aldaketa prozesua oztopatzeko». Izan ere, igandeko liskarretan Poliziak ume bat hil zuela argitaratu duteBoliviako hedabide batzuek; baina, Moralesen arabera, gezurra da. «Garrantzitsua izango litzateke frogak aurkeztea». Indigenek salatu dutenez, bestalde, hogei lagun inguru desagerturik daude.
Igandeko gertakariak aztertzeko, batzorde bat sortuko dute. NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkariek, arartekoak eta ministro batek osatuko dute batzordea, eta Poliziaren errepresioa aztertuko dute, batez ere.
Moralesen esanetan, «errepidea eraikitzea ez da gobernuaren kapritxoa, urtetako aldarrikapen bat baizik». Presidenteak esan duenez, nekazariek nahi dute proiektua aurrera ateratzea, ekonomia garatzeko. Hala, erreferendumean ezezkoa aterako balitz errepidea ez duela eraikiko agindu du.
Evo Moralesen neurriek ez dituzte geldiarazi indigenen protestak
Sindikatuek grebarako deia egin dute, eta hiri gehienetan protestak egin dituzte, indigenei babesa emateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu