Exekutiborik gabeko errekorra du Belgikak

Johann Vande Lanotte bitartekariak azken proposamena aurkeztu die zazpi alderdiri; horiek bihar arteko epea dute erantzutekoIrailetik daude etenda negoziazioak; ia zazpi hilabete daramatzate gobernurik gabe

2011ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Belgikak sarritan pairatu dituen krisi politikoen zerrendan beste marka bat hautsi berri du. Belgikak, izan ere, ia zazpi hilabete, berrehun egun baino gehiago, daramatza gobernu egonkorrik gabe; zehazki, iazko ekainaren 10eko hauteskundeen emaitzek sortutako korapiloaz geroztik. Legebiltzar federalerako boz hauetan, N-VA alderdi independentistak lortu zuen garaipena Flandrian, eta PS alderdi sozialistak Valonian eta Bruselan —hiriburua eta beste hemezortzi udalerri—. Albert II.a erregeak orduz geroztik izendatutako negoziatzaile edo bitartekariek porrot egin dute gobernu akordio baten inguruan aldeak ados jartzeko ahaleginean. 2007. urtekoa zen orain arteko krisi politiko luzeena, bost hilabete eta aste bat iraun baitzuen —194 egun—. Aurretik ere ezagutu ditu krisi larriak; 1991an, 1987an eta 1978an, 103, 148 eta 106 egun behar izan zituzten, hurrenez hurren, gobernua eratzeko.

Johann Vande Lanotte sozialista flandriarra ari da egun bitartekari lanetan, eta honek atzo arratsean egin zien aldeei azken proposamena. 60 bat orritako txosten horretan zehaztutako planteamenduei erantzuteko bihar arteko epea dute negoziazioetan parte hartzen ari diren zazpi alderdiek. N-VA eta PS alderdiez gain, ekainaz geroztik elkarrizketetan egon diren indarrak hauek dira: CD&V, SP.A eta Groen! flandriarren aldetik, eta CDH eta Ecolo frantses-hiztunei dagokienez.

Blokeoa eragiten duten arloak ezagunak dira. Flandriarrek eskuduntza gehiago nahi dituzte, bereziki autonomia fiskal handiagoa, baina frantses-hiztunek, berriz, begi txarrez ikusten dute hori, estatu federala ahulduko duela iritzi baitiote. Brusela eskualdearen finantzabideak moldatzea nahi dute azken hauek, eta flandriarrek, aldiz, arbuio egiten diote honi, orain baino diru gehiago eman beharko dutelakoan. Kalapita gorria eragiten duen beste auzi bat BHV Brusela-Halle-Vilvoorde barrutiaren zatitze eskariarena da. Flandriak bere egin nahi ditu barrutiko 35 udalerriak —flandriar-hiztunak—, baina frantses-hiztunek ez dute nahi barruti misto honetatik zatitzerik.

Eskualdeentzat diru gehiago

Vande Lanottek orain arteko negoziazioetan aritu diren zazpi alderdiei helarazi dizkien proposamenak elkarrizketen ondorio dira; iragan irailaz geroztik, baina, indar politiko hauek ez dira denak batera mahai beraren inguruan eseri. Vande Lanottek, beraz, zuhurtziaz jokatu eta proposamena filtratu ez dadin neurriakhartu ditu. Horrek ez du eragotzi, hala ere, planteamendu hauetatik batzuk hedabideetan zabaltzea.

Filtrazio hauen arabera, eskualdeen mesederako, urtean 15.000 milioi euro gehiagoko diru transferentzia egitea proposatu du bitartekariak. Autonomia fiskal handiago hau errenta zergaren kudeatze autonomoago batetik gauzatuko litzateke. Ildo beretik, familia diru laguntzen eta enplegu politikaren ardura eskualdeen esku jartzeko aukera jaso du bitartekariak. Justizia alorrean ere eskualdeei eskuduntza gehiago ematea planteatzen du txostenak.

Eskualde autonomoen indartzea eta esparru federalaren murriztea eragin lezakeen proposamen horrek indar politikoen babesa izango duen ikusteke dago beraz. Vande Lanottek aurrez jakinarazi du planteamendu hauek ez direla hartzekoak edo uztekoak, hots, eztabaidatzeko eta aldaketak egiteko aukera ere badagoela. Hain zuzen, bitartekariaren lehenbiziko helburua da bi aldeetako indar politikoek negoziazioei berriro ekin diezaieten eta mahai baten inguruan berriro jartzea onar dezaten.

Adituen iritzian, krisiari irtenbide bat aurkitzeko giltza N-VA eta haren presidente Bart De Weverren eskuetan dago. Frantses-hiztun politikari ugarik, haatik, alderdi independentistaren eta haren buruzagiaren asmoak konponbide bat aurkitzetik urrun daudela iritzi diote. Mechior Wathelet CDHko arduraduna da uste hori plazaratu duenetako bat: «De Weverrek egoera hau baliatu nahi du; bere xedea baita, iraultzarik egon gabe, Belgika gobernaezina dela agerian uztea edo hori sinestaraztea; hori da azken finean lortu nahi duena».

Ekonomia alorreko jardule batzuek ohartarazi dute krisi politikoa bere horretan irauteak arrisku batzuk ekartzen ahal dizkiola estatuaren egonkortasunari, batez ere espekulatzaileen jomugan egotearena. Dagoeneko, Standart and Poor's finantza agentziak jakinarazi du jaitsi egin daitekeela estatuaren ebaluaketa, datozen sei hilabeteetan krisia konponduko ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.