Pekingo etorbide nagusietako batera jo zuten, Wangfujing-era, ikustera ea zer gertatuko zen herri mobilizaziorako dei batekin, www.boxun.com atariak antolatutakoarekin; txinerazko webgune bat da hori, Ameriketako Estatu Batuek administratutakoa. Poliziak sakabanatu egin zituen berriemaileak eta kuxkuxeroak, bultzaka eta borra kolpeka sakabanatu ere, kazetari batzuk zauritzeraino. Pekinen eta Shanghain gertatu zen hori. Garbiketa zerbitzuak jarri zuen azkeneko ginga, erratz mekanikoak erabiltzea erabaki baitzuten, alegia, lurzorua hobeto garbitzearren ura zorrotenka jaurtitzen duten orgatxo horietakoak, hala balizko manifestariak ere erraztatuko zituztelakoan.
Antza denez, luze joko du gertaera horien osteko biharamunak. Joan den igandean agiriak eskatu zizkieten berriemaileetako asko aurreko astean galdekatu zituzten. Gela batean sartu zituzten, eta bideo kameraz filmatu, eta, polizia armatu pare bat eta interprete bat aurrez aurre jarrita, jakinarazi zieten «legea urratu» zutela —zehazki, hiriko gune jakin batzuetan elkarretaratzeak egitea galarazten duen artikulu bat—, eta berriro horrelakorik egiten bazuten «zigortu» egingo zituztela eta hainbat ondorio eragingo zizkiela, Txinako egonaldia eragozteraino. Agintariek hainbat neurri har ditzakete; besteak beste, kazetari txartela kentzea eta herrialdetik kanporatzea.
Ezbairik gabe, ez da hau atzerriko prentsaren kontrako bidegabekeria bat gertatzen den lehenbiziko aldia, nahiz eta 2008ko Olinpiar Jokoek lasaitze halako bat ekarri zuten atzerriko kazetariek bete beharreko arauei dagokienez. Hala ere, hainbat atal ez dira behar bezain zehatzak; ez, behintzat, txandako polizia batek interpretatutakoaren arabera uzteko lan jakin baten legezkotasun edo ez-legezkotasunaren inguruko azken erabakia.
Menbebaldearen morboa
«Onartezintzat» jo dute egoera bai Etxe Zuriak eta bai Europako Batasunak ere, eta protesta agiri bateratu bat sinatu dute. Hala ere, diplomazia nolabait estutu izanak ez dirudi emaitza handirik ekarriko duenik, Txinako Global Times egunkarian argitaratu zituzten artikulu batzuei jaramon egitera. Hala nola Kazetariek ez lukete albiste bitxien ehizan ibili behar titulupean argitaratu zutenari. Artikulu horretan, Huang Baixing zutabegileak aise manipulatzeko modukoak jo zituen atzerriko kazetariak; haren iritziz, edozein huskeria nahikoa izaten omen dute Txinari erasotzeko. «Uste dute berri emateko moduko zerbait gertatzear dagoela non edo non, eta hara jo ohi dute, eta zalaparta eragiten».
Ez zaio arrazoirik falta Huangi. Azken batean, Mendebaldeak, gehiago edo gutxiago, interes ezkutu bat du; are, morboa, Txina gain behera etortzen ikustearren. Gorantz doan sistema bat ordezkatzen baitu, orain arte indarrean egon denaren kontra doana, zuzen-zuzen. Eta joera horri erantzun nahian dabil prentsa. Egia da manifestariak baino polizia eta prentsa gehiago izan direla Jasmin iraultzak egindako deialdi guztietan. Iraultza horren asmoa da mundu arabiarreko protesten ondarea jasotzea, besteak beste politika erreformak eskatzeko. Hain zuzen ere, inork ezin izan du inortxorekin hitz egin inongo lekutan, inortxo ez baita agertu protesta egitera. Beraz, ezin ukatuzkoa da ez zela inolako albisterik; ez bazen huts egindako iraultzarako dei baten ingurukoa.
Nolanahi ere, segurtasun indarren erantzuna dela eta, argi geratu da gizartearen atsekabearen edozein agerraldiren beldur dela erregimena, bai eta horren inguruko informazioek zer ondorio eragin diezazkiokeen herrialdearen mugez haraindiko irudian eta lurraldean dituen gobernarienean. Poliziak agertutako jokabideak ere mozorrorik gabe utzi du autoritarismoa, zeinak beti harro agertu baitu bere botere biguna. Borrak, ezbairik gabe, askoz ere gogorragoak ziren.
Mehatxuek, hala ere, hunkitu egin dituzte berriemaileak. Pribatuan agertu duten haserrea gorabehera, bere ondorioa eragin du erregimenak, izan ere, haien kontrako hainbat neurri har ditzakeelako. Hala egiaztatu dute hainbatek, antolatzaileen deialdia jaso eta gero hurrengo igandean Shanghaiko toki jakin batean arratsaldeko ordu bietarako deitutako manifestazioan elkartu baitziren ohartarazpenak ohartarazpen. Eta berriro ere, kontrolak kaleetan barrena, izkina guztietan furgoneta aparkatuak, sabaian argi gorri-urdinak piztuta zeuzkatela, eta polizia uniformedunak, saldoka. Kaleko jantzita dabiltzanei ere urrutitik igartzen zaie. Bekozko ilunak eta begirasun larriak. Mezu etengabeak, sakelakoen bidez, eta entzungailuak, su eta gar. Peace Cinema metrorako sarbidea itxita dago, hobe beharrez; eta Interneterako sarbiderik ez dago telefono bidez. Baina gertatzen ari denaren jakinaren gainean daudenak bakarrik kezkatzen ditu. Oinezkoek galdera bakarra egiten dute beren artean: ea zer gertatzen ari ote den hainbeste militar ibiltzeko joan-etorrian.
Kazetariak, jazartuta
Zenbait atzerritarrek beren agiriak erakutsi beharra daukate; kazetariak ohartarazita daude. Batzuen batzuek uko egin diote, eta itzuli egin dira. Hiru orduko galdeketa beldurgarri baten ostean aske utzi dute bakarren bat, gertatutakoak zer ondorio ekar diezazkiokeen ziur jakin gabe.
Zorionez, beste kazetari batzuek oharkabean pasatzea lortu dute, turista baten gisa, eta deitzaileek beren iraultza partikularra egin nahi zuten tokietara jo dute: bietara, badaezpada ere; lehenbizikoa jendez gainezka bazegoen ere
Azken asteetako gertakariek, berriz, arnasbidea eman diote erregimenari: Txinan zeuden berriemaileen exodoa ekarri du Japoniako lurrikarak, eta hango hondamendiak egunkarien nazioarteko orrialdeak bete ditu; eta hari gehitu zaizkio bata bestearen atzetik, segi eta segi, Libiako esku hartzeak eta beste hainbat herrialde arabiarretako matxinadak.
Informazioaren arreta gunea desbideratu izanak, agian, arreta erakartzeko beren ahalegin etsian amore emanarazi die existitzen ez den Jasmin iraultzaren antolatzaileei; horrek, aldi berean, Pekinen jarrera gogorrarazi du, jakitun baita une honetan askoz ere oharkabeagoan geratuko dela edozein nagusikeria. Hala, iraultza desegin egin da; ez, ordea, Txinako buruzagiek hainbat disidenteren eta berriemaileren artean eta, beti bezala, Interneteko atarietan ezarri nahi duten morroiloa.
Google eta Txinako Alderdi Komunista protagonista dituen gerra telesailaren azken ataletan, bere posta elektroniko zerbitzuari eraso izana egotzi dio ziberespazioko erraldoiak Asiako erraldoiari. Gmail posta elektronikoa erabiltzeko eragozpenak izan dira, eta, Kazetari Atzerritarren Pekingo Klubeko bazkide diren berriemaile batzuek adierazi dutenez, «bahitu» egin dizkiete kontuak.
VPN zerbitzariaren sistemari esker, zilegi da zentsura gainditzea, planetako beste toki baterako bigarren mailako konexioa izanda. Bada, sistema horretako zerbitzuen hornitzaileek ere jakinarazi dutenez, indarrean da «gerra» bat, herrialdean ibil ez dadin. Zorionez, enpresa horietako bateko arduradunetako batek adierazi duenez, «landa aldean ateak jartzen ahalegintzea bezala da: joan-etorria galaraziagatik, beti sortuko da bestelako hautabideren bat».
Eta, hala, egun batzuetako arazoak arazo, badirudi nahikoa dela konfigurazioan aldaketa batzuk egitea Harresi Zibernetiko Handia gainditzeko. «Eskuarki, Txinan negozioak egiten ari diren atzerritarrei ematen diegu zerbitzua, edo Facebook, Twitter eta Blogspot bidez konektatuta egon nahi duten bidaiariei —hiru webgune horiek ez dute sarbiderik Txinako saretik—; eta ez, hain zuzen, disidente eta iraultzaile jendeari». Hala adierazi zien astelehenean bere bezeroei, posta elektronikoz, Witopiako zuzendariak —gehien erabilitako VPNkoak—.
Sakelakoak, kontrolpean
Jakina, gatazka horiek guztiak puri-purian izanda, ia oharkabean pasatu da beste ekimen bat, zeinak susmo zeharo funtsatuak eragin baititu, hiri beti ezinago buxatuetako zirkulazioa hobeto kontrolatu nahi badu ere teorian. Agintarien asmoen arabera, Xinhua berri agentzia ofizialak jakinarazi duenez, sakelako telefonoak kontrolatuz gero, zilegi da autoen zirkulazioa ere kontrolatzea; neurri horixe da, askoren ustez, gobernuak bere burkideen pribatutasunaren kontra egindako azken esku hartzea.
Azken Herri Biltzar Nazionala martxoaren 14an egin zuten, eta han argi geratu zen, besteak beste, gizartearen egonkortasuna ezinbestekoa izango dela herrialdearen garapenerako, herritar xumea baitu helburu, eta ez industria —erreforma politikoak iragarri zituzten batzarrean—. Horri nola iraunarazi, horixe da galdera. Oraingoz, nabarmena da ustezko iraultzen oihartzuna Txinako mugez haraindira bakarrik entzuten dela, baina herritarrak hasiak dira gobernariei deseroso zaizkien galderak egiten. Urdailak asebeteta eta xede materialak eskura izanda, asko eta asko hasiak dira politika sistemari dagozkion hainbat aldaketa eta ekonomia askatasun galdegiten. Ez dugu zertan geure buruak engainatu, txinatarren helburua ez baita Mendebaldeko demokrazia. Ahalbide gehiago nahi dute, indibidualismoa garatzeko, horrexek bahitu baititu erdibiderik ez dakien gizarte baten balio usadiozkoak.