Atzo hasi zuen Alderdi Komunistak urteko kongresua, eta astelehenera arte iraungo du. Lau egunez hitz egindakoaren ideia nagusiak orduan emango dituzte jakitera; kongresua ateak itxita eta erabateko sekretupean ari baitira egiten. Eta ez da agendarik, ezta gai zerrendarik ere; baina jakina da ekonomia lehen lerroan egongo dela. Izan ere, hurrengo bost urteetan martxan jarri beharko dituzten erreformak zehaztu beharrean daude.
Dirua politikari dagozkionak, besteak beste. Izan ere, esportazioak errazteko, Pekinek diruaren kotizazioa artifizialki baxu mantentzen duela uste dute Mendebaldeko potentziek. Horregatik, yuanaren balioa merkatura doitzeko eskatu diote.
Dena dela, kanpora begira ez ezik, etxera begira ere hainbat aldaketa egin behar ditu Txinak: aberatsenen eta behartsuenen, edota hirietako biztanleen eta nekazaritza eremuetakoen arteandauden ezberdintasunak gainditzeko neurriez eztabaidatuko dute martxan den urteko kongresuan.
Alderdiko oreka
Txinako lehen ministroak orain gutxi egindako adierazpenei susmoa hartu die zenbaitzuk. Izan ere, Wen Jiabao erreforma politikoen beharraz aritu da. Ez sakoneko aldaketez, hala ere, adituen ustez. «Politika arloan erreformarik egiten ez badu, Txinak ekonomia berregituratuz lortu duena gal dezake», esan zuen Wenek iragan abuztuan. Ez da auzia mahai gainean jarri duen aldi bakarra izan hori. Hil honetan bertan CNN kateari emandako elkarrizketa batean, Alderdi Komunistaren «demokratizazioaren» alde egin beharko dutela adierazi baitu.
Alderdi Komunistaren barruan dagoen ikuspegi moderatuena ordezkatzen du Txinako lehen ministroak. Hu Jintao presidenteak, aldiz, ikuspegi kontserbadoreena, gauzak bere horretan mantendu behar direla uste dutenena. Batak zein besteak, ordea, ideologia berarekin egiten dute bat; Wenek erreformak aipatuagatik ere, horregatik, ez zuen sakoneko aldaketarik izango buruan. «Huk eta Wenek ordezkatzen dituzten sentsibilitateen arteko diferentzia handia da, eta esanguratsua, baina, finean, biek ideologia berarekin egiten dute bat», azaldu du Steve Tsang Txinako gaietan aditu den Oxford Unibertsitateko irakasleak. Huk hemendik bi urtera alderdiko buruzagitza utziko behar du. Haren ordezko izango dena zein izango den erabakitzen hasiak dira jada, eta etzira arteko kongresuak zeregin horretan lagundu ahalko du.
Liu Xiaobo Bakearen Nobel saridunaren alde egin dutenei jazartzen ari zaie egunotan Txinako Polizia; Tiananmengo plazako sarraskian hildakoen senideetako bat, berriz, desagertuta dago joan den ostiralaz geroztik. Liurentzat, hark irabazi behar zuen Bakearen Nobela.
«Asko dut esateko, baina beldur naiz»
I.Z.Sentitzen dut; asko dut esateko, baina beldur naiz. Liu Xiaobok Bakearen Nobel saria irabazi zuenetik, Poliziarekin ezusteko txar bat baino gehiago izan dut». 08 Eskutitza idatzi dutenen artean dago Zhao Shiying, eta beldur da horregatik. Izan ere, haren sinadura daraman dokumentuak Txinan erreforma demokratikoak egin behar direla aldarrikatzen du. Liu Xiaobo disidente eta eskutitzaren sortzailea Nobel saridun izendatu zutenetik, bere bila etorriko diren beldur bizi da. Liu bera ere, besteak beste, horregatik baitago preso. «Eskutitza sinatu genuen guztioi etorri zaigu Polizia. Uste dut daramagun bizimodua ulertzeko gai izango zarela horrekin», adierazi du Zhaok.
Liu Xiaobo askatu dezaten eskatuz, haren kausa ezagutzen duten dozenaka lagun agiri bat ateratzekoak ziren herenegun. Txinako segurtasun indarrek, baina, bazuten horren berri, eta argitara atera ez zezaten, sinatzaileetako batzuei telefonoz deitu zieten, eta mehatxatu. Xu Youyu Txinako Gizarte Zientzietako Akademiako irakaslea, besteak beste, mehatxupean dago herenegundik. Baita Tiananmengo plazan hildakoen senideak ere. Liuren ustez, Bakearen Nobel saria haientzat beharko luke izan.
Ding Zilinentzat bereziki. 1989ko sarraskian hildakoengatik justizia eske egin ditu azken urteak Dingek. Liuri saria eman ziotenetik, baina, desagertuta dago. Eta haren gertukoak oso kezkatuta.
Desagertuta
«Urriaren 8an hitz egin nuen harekin azkenengo aldiz, Liu Xiaobori Bakearen Nobel saria eman zioten egun berean. Oso pozik ginen», azaldu du Xu Juek, Tiananmengo Amen erakundeko kideak, Ding Zilinen berririk baduen galdetzean. «Oso kezkatuta gaude, ez baitakigu norabait eraman ote duten. Lehen ere atxilotu izan dute, baina beti jarri izan gara harekin harremanetan azkenean. Zer atera da gaizki oraingoan?», galdetu du kezkatuta.
Iragan asteko ostiraletik dozenaka lagun atxilotu dituzte Txinan, tartean Nobel saridunaren emazte Liu Xia. Etxetik ezin irtenda dago, eta ez diote hedabideekin hitz egiten uzten.
Disidente txinatarrak saria bezain beste askatasuna merezi duelakoan, alabaina, sariduna erabaki duen epaimahaia txalotu dute berrehun bat intelektual eta giza eskubideen ekintzailek agiri batean.