«Ez da ezer berezirik sumatzen»

Joxean Lizarribar EKTko presidenteak bertatik bertara jakinarazi dio BERRIAri herrialdean estatu kolpea nola bizi izan duten kristina berasain

2006ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Thailandian bertan baldin badago ere, telebista bidez izan zuen estatu kolpearen berri Joxean Lizarribar EKT Euskarazko Komunikazio Taldeko presidenteak. Bangkok hiriburuan, hain zuzen ere, harrapatu zuen estatu kolpearen berria. «Kaletik etorri berria naiz eta dena oso lasai dago. Kamioi militarrak ikusi ditut eta, agian, ohi baino polizia gehiago baina, hala ere, ez da ezer berezirik sumatzen». Thailandian Euskal Herrian baino bost ordu beranduago dira eta jada hotelean zegoela mintzatu zen Lizarribar BERRIArekin. «Hotelean telebistari begira ari gara denak. Thailandiako telebistan musika militarra jartzen ari dira etengabe eta hori baino ez da ikusten. CNN katearen bidez ari gara informazioa jasotzen».

Gobernuaren egoitzatik gertu dagoela esan eta bertan hamalau tanke zeudela zehaztu zuen Lizarribarrek: «Nik ez ditut tankeak ikusi. Kalera ez ateratzeko deia egin dute eta gerra legea ezarri dute duela bi ordu edo. Euria ari du eta kaleak lasai daude».

Thailandiara duela bi aste iritsi zen Lizarribar. Malaysian izan ostean duela bost egun itzuli zen, berriz, Bangkokera. Euskal Herrira bueltatzeko hegaldia, berez, gaur da hartzekoa. «Hemengo zazpi eta erdietan ateratzen da berez nire hegaldia baina, egia esan, ez dakit hegazkina hartzeko aukera izango dudan. Hemen blokeatuta gelditzea da orain kezkatzen nauena. Gerra-legea ezarri dute eta ez dakit zer gertatuko den bihar [gaur]».

«LEHEN MINISTRO POLEMIKOA».Thailandia ondo ezagutzen du Lizarribarrek. Thaksin Shinawatra lehen ministroa oso polemikoa izan dela nabarmendu du: «Azken hauteskundeetan iruzurra egitea leporatu zion oposizioak eta, demokrazia baten baitan, nolabaiteko diktadore izatea egotzi diote. Thailandiarren ustetan oso gizon berekoia eta autoritarioa da».

Shinawatrak duela bost urte eskuratu zuen agintea -aurretik ere egon zen boterean- eta azken urteotan, agintean egon den bitartean, enpresa gizon moduan gora egin du. Asiako Berlusconia ezizena jarri diote, horregatik, Shinawatrari.

Lizarribar enpresa gizona den aldetik eta herrialdearen egoera gertutik ezagutzeko aukera izan duen aldetik, lehen ministroari ekonomiaren egoera hobetzeko gaitasuna onartu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.