Hamasei urte daramatzate AEBetako tropek Iraken —2003an inbaditu zutenetik—, eta urtarrilaren 3an Qassem Soleimani jeneral irandarra hil zutenetik nabarmen indartu da eurak herrialdetik kanporatzeko presioa. Gaur bertan milaka lagun bildu dira Bagdaden AEBei Iraken dituzten base militarrak itxi eta herrialdea utz dezatela eskatzeko, milioi bat gizonen martxa deituriko manifestazioan. Mobilizazioaren burua Muqtada al-Sadr elizgizona da, eta hura izan da manifestarien eskariak azaltzeko arduraduna: «Lehen helburua AEBen okupazio indarrek Irak uztea da, eta, horretarako, dauden bide baketsu guztiak agortu behar ditugu. Azken helburua Iraken subiranotasuna bermatzea da». Gaur egun, 5.200 kide ditu AEBetako armadak Iraken.
Irakeko Parlamentuak Soleimaniren aurkako erasotik bi egunera onartu zuen «atzerriko edozein indar militar» herrialdetik kanporatzeko lan egingo zutela bermatzen zuen agiri bat. Al-Sadr-ek, ordea, gogor kritikatu zuen erabakia, haren ustez erantzuna «patetikoa» baitzen Washingtonen ekintzekin alderatuz. Oraingoz bide baketsuen alde egin duen arren, Al-Sadr-ek «prest egoteko» deia egin zien orduan noizbait AEBen aurka jardun duten milizianoei.
AEBetako tropak ez dira, ordea, Iraken arazo bakarra. Al-Sadr-ek deitutako protestetan «eraberritze politiko bat eta ustelentzako zigorrak» ere eskatu dituzte, Irakeko egungo gobernua kritikatuz. Herritarrak 2019ko urriaren 1etik ari dira mobilizatzen herrialdeko sistema politikoaren aurka, eta Poliziaren errepresioak 400 hildako baino gehiago eragin ditu jada. Halere, gaurko manifestazioan AEBen eta haren aliatu Israelen aurkako mezuak izan dira nagusi; Donald Trumpen irudiak ere erre dituzte batzuek.
Lider erlijioso-militarra
Al-Sadr Iraken azken urteetan izan den pertsonarik garrantzitsuenetako bat da. Gaur egun Sayirun koalizio politikoko liderra da, Irakeko Parlamentuan eserleku gehien dituen koaliziokoa; lehenago, ordea, zenbait egitasmo militarren burua izan zen. Hala, 2003an sortu zuen Mahdiren Armada AEBen inbasioari erantzuteko. Geroago, 2014an, Saraya al Salam milizia ere gidatu zuen, EI Estatu Islamikoari aurre egiteko.