«Ez dugu ahaztu behar indigenak nagusi izan arren ez direla hemengo herritar bakarrak»

JULEN NAFARRETE SANTA CRUZ
2008ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Che Guevara, Fidel Castro eta Simon Bolivarren koadroz beteta dauka bulegoa Osvaldo Chatok (Trinidad, 1941). MAS Sozialismorako Mugimenduak Santa Cruz eskualdean, oposizioaren feudoan, duen zinegotzi bakarra da. Che Guevara Fundazioko presidentea ere bada; izan ere, gerrillari argentinarrarekin batera borrokan aritu zen, iraultza egiteko asmoz, Bolivian eta Hego Amerikan. Evo Moralesen gobernuak hartu du, bere ustez, iraultza horren lekukoa, eta horregatik uste du azken bozetan lortu zuen sostengua lortuko duela orain ere herrialdeko lehen presidente indigenak.

Evo Moralesek agintetik bota dezakeen erreferenduma egitea onartu du. Bolivian indigenak dira nagusi, baina ez al duzu uste arriskuan jarri duela bere etorkizuna?

Indigenak mila urte baino gehiago zapalduak egon dira, eta orain herri indigenen iraultza honekin dagozkien eskubideak berreskuratuko dituzte. Baina kontu handiz ibili behar dugu; askotan, indigenismoa ere arrazismo bihur daitekeelako. Ez dugu ahaztu behar indigenak nagusi izan arren ez direla hemengo herritar bakarrak. Konstituzioak eragin zuen krisi hau, eta, beraz,boliviar guztientzako itun bat egin behar dugu.

Autonomia estatutuen kontra zaudete. Zergatik?

Herrien autonomian sinesten dugu; ez bakarrik Santa Cruzentzat, baizik eta Bolivia osoko eskualdeetzat. Eta ez bakarrik eskualdeentzat, komunitate indigenentzat ere bai. Santa Cruzeko eliteek idatzi dituzte, baina, estatutu hauek, eta erabat baztertzaileak dira.

Zergatik dira baztertzaileak?

Santa Cruzeko herritarren zati batentzat bakarrik egin dituztelako. Esaterako, estatutu horietan herri indigenek ez dute inolako gaitasunik erabakietan parte hartzeko, eta haien hizkuntzak ez diraerrespetatzen. Erreserba gisa gorde nahi dituzte, hau da, XIX. mendean AEBetan bezala. Boliviako beste herri batzuetatik heldutako etorkinak ere baztertzen dituzte, eta hemen, esaterako, herritarren %40 dira.

Zergatik egin zenuten abstentziorako deia erreferendumean?

Santa Cruzen maiatzaren 4an bozkatu zen estatutua antidemokratikoa, legez kanpokoa eta arrazista delako, eta helburua oligarkiaren pribilegioak mantentzea delako. Estatutu hauen bitartez, boteretsuei botere gehiago ematea nahi dute; ez du zerikusirik autonomiarekin.

Erreferendumaren emaitzak ikusita, baina, herritarrak estatutuen alde daudela ondoriozta dezakegu...

Abstentzioa gutxienez %40koa izan da, eta ez da kasualitatea, guk jarrera politiko horren alde egin genuelako. Gainera, ez da inolako kontrolik egon, hauteskunde mahaietan baiezkoaren aldeko hautagaiak egon dira bakarrik; Santa Cruzeko Auzitegia epaile izan beharrean baiezkoaren aldeko propaganda egiten ibili zen... Hedabideetan ez dituzte abstentzioaren datuak eman, alderdikeria handia dagoelako, iruzur handi bat egin dutelako. Santa Cruzen diktadura batean bezala bizi gara indigenak. Mehatxupean bizi naiz, baina, hala ere, eliteen aurka borrokatzen jarraitzen dut.

MASek Santa Cruz hirian duen zinegotzi bakarra zara. Askatasunez jarduteko aukera duzu?

Ez. Zinegotzi naizenetik sei atentatu pairatu ditut; azkenengoa abenduan, nire etxearen aurka bi granada bota zituzten. Ni bahitzen saiatu dira: Santa Cruzeko Gazte Batasuneko kideak ni urkatzen saiatu ziren, autoz jarraitu naute... Baina, erasoak eraso, azken hauteskundeetan garaipena eskuratu nuen!

AEBak autonomia estatutuak sustatzen ari direla salatu izan dute. Hori hala dela uste al duzu?

AEBek parte-hartze eta kolaborazio zuzena izan dutela argi dago.Boliviako enbaxadorea astebururo etorri da Santa Cruzera, Ruben Costas gobernadorearekin biltzera. Estatutuen aldeko propaganda ugari finantzatu dute. HRW Human Rights Watch erakundearen bitartez aritu da gobernuaren aurkako propaganda zabaltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.