Bidean bizi dira aspaldian. Ez han, ez hemen. Sudandik Hego Sudanera bidaia egin dute dagoeneko ehunka mila lagunek, eta bidean dira beste milaka. «Iazko martxoan hasi nuen bidaia, Khartumen, eta oraindik ez dugu amaitu», dio John Juma 52 urteko hegosudandarrak Jubako portuan, oraindik bere jaioterrira ailegatu barik. «Khartumen kanpalekuan bizi ginen Hego Sudango komunitatean zabaldu zen etxera itzuli nahi zutenek laguntza jasoko zutela. Azkenean, zazpi hilabete pasatu nituen Kostiko igarobide portuan, babesik gabe. Duela astebete iritsi nintzen Jubako portura, baina oraindik ezin naiz etxera itzuli».
Emaztearekin, hiru seme-alabekin eta lagun talde batekin egin du bidaia Jumak, Nilo Zurian gora, gabarra batean. «Hego Sudan independentera itzultzea pozgarri bazait ere, nahiago nuke iparraldea lasaiago utzi izan bagenu atzean. Hartara, nire seme-alabek ez zituzten gorriak ikusiko, bidaian ikusi dituzten bezala». Iruditzen zaio bai gobernuek eta bai erakunde humanitarioek abandonatu egin dituztela behin Jubara iritsitakoan.
Sudango Gobernuak eta Hego Sudangoak joan den otsailaren 12an sinatu zuten iparraldean bizi diren hegosudandarrentzako itzulera ituna, eta atzo bukatu zen hegoaldera bueltatzeko epea. «Logistikoki, ezinezkoa da milioi erdi lagun bi hilabete baino gutxiagoan mugitzea, batez ere Sudan den herrialde handi eta azpiegitura urrikoan», dio Mohammed Abdiker-ek, IOM Migraziorako Nazioarteko Erakundeko larrialdi operazioen zuzendariak. Itzulerarako epea luzatzeko eskatu die IOMek bi gobernuei, eta luzapen errealista bi edo hiru urtekoa izango litzatekeela nabarmendu du, «hegosudandarrek itzulera segurua eta duina izan dezaten». Baina gobernuek, oraingoz, ez dute luzapenik iragarri.
Legez kanpoko etorkinak
Gaurtik aurrera, Sudanen bizi diren hegosudandarrak legez kanpoko etorkintzat hartuko ditu Khartumek. Trantsizio prozesuan hegoaldera joateko edo iparraldean legezko herritar bihurtzeko aukera egongo zela pentsatzen zuten, baina ez da hala gertatu.«Arazoa da ez dagoela hegosudandarrak Sudanen legezko egiteko aukerarik», azaldu du Jill Helkek, IOMeko Sudango arduradunak. «Inork ere ez daki zenbat hegosudandar dauden Sudanen, zeintzuk diren, non dauden. Ez dago hegosudandarren erroldarik».
Informazio gabezia salatzen dute batez ere Sudanen bizi diren hegosudandarrek. «Biziki eskatzen dute informazioa: zein aukera dituzten, nola bideratu aukerok». Finean, bi aukera izan dituzte gaur arte: hegoalderako bidaia luze, garesti eta segurtasun gabea egin edo iparraldean geratu legez kanpoko etorkin gisa.
IOM bi norabideetan ari da lanean, mugitu nahi dutenei laguntzen eta geratzen direnei dokumentazioarekin laguntzen. «Ikerketa azkar bat egiten ari gara, eta hegosudandarrei gugana etorri eta erregistratzeko eskatzen diegu. Agiri bat emango diegu, hegosudandarrak direla dioena. Dokumentu ofiziala ez izan arren, gutxienez identifikazio bat izango dute». Gaur egun, lau milioi lagun inguru bizi dira Sudanen paperik gabe, eta horien egoera berean geratuko lirateke hegosudandarrak ere. Khartumek adierazi du ez dutela gainontzeko etorkinek baino etorkizun gogorragoa izango, baina nazioarteko erakundeak eta hegosudandarrak eurak ez dira fio. Izan ere, lehengo egoera ere ez zen batere samurra eurentzat.
«Bi mundu bereizitan bizi ginen. Iparraldekoak eta hegoaldekoak ez ginen naturaltasunez nahasten egunerokoan», dio Viola Joseph 30 urteko gazteak. Bera Khartumen jaioa da, baina hegoaldekoa du familia, eta bere jatorrizko herrialdera itzultzea erabaki du. Antzerki konpainia batean lan egiten zuen Josephek, baina langabezian geratu ostean, hegosudandarrei geratzen zaien azken aukerari heldu behar izan zion: garagardo ekoizpenean hasi zen lanean. Sudango lege islamikoak debekatu egiten du lan hori —Hego Sudanen sinesmen tradizionalak eta kristautasuna dira erlijio nagusiak—, eta, harrapatuz gero, zigor gogorrak ezartzen dituzte; jendaurreko jipoiak, esaterako. Iparraldeko herritar gehienekin, baina, harreman pertsonala ona zela nabarmendu du Josephek, «batez ere iazko erreferendumaren aurretik».
Eta Hego Sudanen, zer?
Trenak, hegazkinak, gabarrak eta kamioiak erabili dituzte milaka lagunek estatu berrira bidaia egiteko. Hegazkina soilik jende ahulenarentzat erabili dute—gaixoentzat, zaharrentzat eta haurdunentzat—, eta, beraz, trena da hegoaldera joateko modurik onena, Nilo Zurian gora igotzea baino hobea. Kosti hirikoa da Sudan hegoaldearekin lotzen duen azken portua, eta Khartumgo gobernuak itxi egin du pasabidea, Sudango IOMeko Jill Helkeren arabera. «Ezinezkoa da gabarrek muga gurutzatzea, eta Kostitik oinez gurutzatzen dugu jendearekin muga, gero berriro gabarretan sartu eta ibaian gora jarraitzeko». Itzulera geldotu egiten du horrek, eta giza hondamena eragin du Kostin. Portuko estazioan, non 1.200 lagunentzako lekua dagoen, 12.000 lagun inguru daude, egoera txarrean: hilabeteetan plastikozko xaflekin egindako kanpalekuetan biziz, eguzki galdatan.
Beste arazo nagusietako bat gehiegizko ekipajea da. Hegoalderantz doazenek etxe osoa daramate aldean. IOM karga mugatzen ari da, «ikuspuntu humanitariotik ezin dugulako proportzioan pertsonak baino karga gehiago mugitu». Gainera, Hego Kordofango gerraren ondorioz, Sudanek moztuta dauka hegoalderanzko garraio komertziala. Hegosudandarrek, hortaz, ahal duten ondasun gehien sartzen dute trenetan eta gabarretan, badakitelako atzean lagatzen dutena ez dutela berreskuratuko.
Bidaia gogorra izan arren, ez da leunagoa itzuli berriek Hego Sudanen aurkitzen dutena. Askok ez daukate ezer han: batzuk ez dira inoiz izan bertan, eta beste batzuk urteak daramatzate iparraldean. «Hegoaldean lurrak jasoko dituztela uste dute, euren janaria sortu ahal izango dutela, baina ez dute ez lurrik, ez nekazaritzarako ekipamendurik jasoko. Oso etorkizun beltza daukate». Dagoeneko milioika dira Hego Sudanen gosez bizi direnak. Orain iparraldetik iritsitakoak, gainera, «berriak» dira hegoaldean, eta osatutako komunitateetan onarpen soziala lortzea ere ez da erraza izango, nazioarteko erakundeen arabera. «Badakigu jaitsi diren asko berriz ere iparraldera igo direla, han lanerako aukerarik ez dagoelako, eta bizitza aurrera ateratzea oso zaila delako». Ziurtasunik ezak harrapatuta bizi dira hegosudandarrak, bai iparraldean bai hegoaldean.
Sudan eta Hego Sudan. Itzulera
Ez han, ez hemen
Gaurtik aurrera legez kanpoko etorkinak dira Sudanen bizi diren hegosudandarrak. Atzo bukatu zen Khartumek eta Jubak sinatutako itzulera itunaren epea. Oraindik milaka lagun daude bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu