Indonesia

Ezbeharra izan zuen hegazkinak ez zuela aireratu behar ondorioztatu du ikerketak

Aireratu eta gutxira itsasora erori zen hegazkinak "arazo tekniko bat" izan zuen ezbeharraren aurreko hegaldian. 189 lagun hil ziren istripuan.

Nurcahyo Utomo Garraio Segurtasunerako Batzorde Nazionalaren ikerketako arduraduna. BAGUS INDAHONO, EFE
2018ko azaroaren 28a
08:16
Entzun

Lion Air konpainiako hegazkinak ez zuen aireratu behar, urriaren 29an, Yakartatik Pangkal Pinangerako (Indonesia) hegaldian. Hala ziurtatu du Indonesiako Garraio Segurtasunerako Batzorde Nazionalak, bere txostenean. Ezbeharra izan aurreko hegaldian, hegazkinak "arazo tekniko bat" izan zuela adierazi du Nurcahyo Utomo batzordeko arduradunak, "baina pilotuak hegaldiarekin jarraitzea erabaki" zuela.

Yakartako aireportuan aireratu eta 13 minutura galdu zuten hegazkinaren arrastoa. Aurretik, pilotuak aireportura itzultzeko baimena eskatu zuen, hegazkinean arazo bat atzeman zuela eta. Behin-behineko txostenak jasotzen duenez, kutxa beltzako datuek adierazten dute pilotuak 30 alditan baino gehiagotan saiatu zirela hegazkinaren sistema automatikoa eteten. Sistemak beherantz behartu zuen hegazkina, sentsoreen okerreko datuen ondorioz. Azkenean, itsasoa jo zuen.

Ikerketaren arduradunak azaldu duenez, Lion Air konpainiaren Boeing 737 hegazkina "ez zegoen aireratzeko moduan", eta txostenean nabarmendu du hegazkin konpainiak segurtasun neurriak indartu beharko lituzkeela.

Behin-behineko txostenak ez ditu argitu ezbeharraren zergatiak oraindik, baina ikerketaren ildo nagusiak aurreratu ditu. Utomoren esanetan, ez dute aurkitu sistema automatikoari buruzko erreferentziarik hegazkinaren gidaliburuan. Sistema hori bere kasa pizten da hegazkinak airean mantentzeko adina abiadura ez duenean. "Zergatik ez zuten informazioa jaso gidaliburuan?", galdetu du ikerketaren arduradunak. Dena den, prebentzio sistemak ezbeharra eragin zuen ziurtatzeko goizegi dela gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.