Erreakzioak

"Ezer ez egitea erabaki du Sanchezek, eta hori errepresioarekin bat egitea da"

Katalunian haserrea eragin dute Espainiako Fiskaltzak bertako buruzagien aurka eskatutako kartzela zigorrek. Puigdemontek "mendekua" salatu du.

Elsa Artadi kontseilaria, Pere Aragones presidenteordea eta Quim Torra Generalitatean. ENRIC FONTCUBERTA, EFE
2018ko azaroaren 2a
07:02
Entzun

Zigor eskaeren berri zabaldu bezain laster heldu dira lehen erreakzioak, eta horietako bat Waterlootik heldu da: Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratuak bideo batean adierazi du "estatua bere osotasunean, erregetik Fiskaltzara arte, mendekuz" ari direla jokatzen, "Gobernuaren eta Kataluniako Parlamentuaren eta herritarren zati handi baten aurka".

Ezohiko bilera egin du Quim Torra presidenteak Generalitateko kideein, eta haren osteko agerraldian mendeku bila aritzea egotzi dio Madrili Roger Torrent Parlamentuko buruak. Egun auzipetuta dauden Generalitateko kide ohien ekintzak defendatu ditu Torrak, eta Kataluniak bere etorkizuna demokratikoki erabakitzeko eskubidea berretsi du. "Auzi honek ez ditu ekintzak epaitzen, ideiak baizik", salatu du.

Gogor egin du Torrak Pedro Sanchez Espainiako gobernuko presidentearen aurka, eta "demokrazia kriminalizatzea" egotzi dio. "Agian uste du era horretan boto gehiago lortuko dituela, baina bidegabekeria bultzatzen besterik ez da ari. Ezer ez egitea, errepresioarekin bat egitea da".

Espetxetik erantzun du Cuixartek eta ohartarazi du "oso oker" daudela uste badute zigorrengatik uko egingo dietela eskubide, askatasun eta helburuei.

Sare sozialen bidez erantzun du Jordi Sanchezek ere. ANCko presidente izandakoa herritarrei zeudendu zaie eta eskatu ez daitezela probokazioetan erori: "Eman dezagun erantzun duin eta baketsua. Absoluzioa helduko da. Fiskaltzak ezingo dio gezurrari betirako eutsi".

Francesc Homs kontseilari ohiak, berriz, gehiegikeriatzat jo du auzipetuei matxinada egotzi izana: "Matxinada egoteko, armak erabili behar dira". Bide beretik jo du CUPeko kide David Fernandezek ere, zeinak zehaztu duen fiskaltzak orotara 177 kartzela urte eskatu dituela "hautetsontziak jartzeagatik". Zigor eskaerak Espainiaren aurka erabiltzeko deia egin du Mireia Boya CUPeko kide eta auzipetuetako batek. "Beraiek izango dira epaitu eta zigortuko dituztenak", ohartarazi du.

Josep Rull kontseilari ohiak "ondorio logikotzat" jo ditu zigor eskaerak: "Ezinezkoa litzateke gu errugabetzat jotzea horrenbeste denboran espetxean eduki ostean; ezingo litzateke halakorik zuritu. Erruduntzat jo behar gaituzte euren ekintzez lotsatuko ez badira". David Bonvehi PDECateko presidenteak, berriz, mendekutzat jo du auzia: "Gaur jakin dugu zer den leporatzen zaiena eta zein zigor eskaera egin dituzten, biana errugabe izaten jarraitzen dute".

Argi hitz egin du Carles Puigdemonten abokatu Jaume-Alonso Cuevillasek, eta salatu 2017ko urrian gertatutakoak ez duela inolako zerikusirik Fiskaltzaren idatzian jasotzen diren ekintzekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.