Katalunia

"Ezeri uko egin gabe", negoziazioaren bidea lehentsi du ERCk

Orain, Kataluniako Errepublika txostena onartu dute alderdiko oinarriek, %96ren babesarekin. Estatuarekin negoziatzea lehenesten du estrategiak: aldebiko bidea, baina aldebakartasuna erabat baztertu gabe.

Roger Torrent eta Pere Aragones, gaur, ERCren Batzar Nazionalean. TONI ALBIR / EFE
mikel rodriguez
2018ko uztailaren 1a
10:28
Entzun

Orain, Kataluniako Errepublika lantaldean zuzendaritza berriak bozketara eramanen du apustu berria. "Aliatuak" aurkitu eta independentismoaren oinarria handitzea eta estatuarekin elkarrizketa lehenestea da proposatu den estrategia. "Soinu txikiagoa eta eraginkortasun handiagoa", adierazi zuen atzo Oriol Junqueras alderdiko presidenteak, espetxetik bidalitako eskutitz batean —Gabriel Rufian Espainiako Kongresuko ordezkariak irakurri zuen batzarrean—. "Diskurtso nazionalista baztertzaileak biderik bizkorrenak dira gutxiengo zaratatsu bat izan eta autonomismora itzultzeko".

Pere Aragones ERCko presidentetzako kide eta Kataluniako Gobernuko presidenteordearen hitzaldia izan da gaur, eta hark esan du, megoziaketarako sortzen diren aukera guztiak probestu behar direla. Hori bai, negoziazioak "ezeri uko egin gabe" abiatu behar direla azpimarratu du. Bitartean, independentziaren aldeko jarrerak babes handiagoa izateko lan egingo dute ERCko kideek: "ERCk ez die uko egingo gure proiektu baketsu eta demokratikoan aurrera egiteko bideei, baina bide hori, ahalik eta zabalena izatea nahi dugu, bide zabaletan sartzen baita jende gehien, eta guk ez dugu inor atzean utzi nahi".

Lurraldeetako batzarretan 1.450 zuzenketa aurkeztu zizkioten proposatutako txostenari, baina Batzar Nazionalean eztabaidatzeko hogei baino ez dituzte onartu. Horietako batzuek, hitzez behintzat, urriaren 27aren aitzinetik baliatutako estrategia kontuan hartzea defendatzen dute. Horregatik, zuzendaritzak txostenaren zati batzuk aldatu ditu, eta zehaztu du ERCk ez diola uko eginen "errepublika lortzeko bide demokratiko eta baketsu bakar bati ere", eta "sortzen diren aukera guztiak" baliatu behar dituela. Atzo onartu zuten zuzenketetako bat, hain zuzen, txostenari titulua aldatzea izan zen —Egin dezagun errepublika zen hasierako izenburua—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.