Azken inkestek Europako Konstituzio Itunaren kontrako botoa %60ra hurbilduko zela aurreikusten zuten. Lehen emaitza ofizialen arabera, baina, %60ko muga hori ere gainditu egin du ezezkoak, eta %62,4ra iritsi da.
Iragan larunbatean, oraindik Frantzia bozkatu gabe zegoelarik, ezetzaren aldekoak %57 ziren Herbereheetan, baietza sostengatzekoak ziren %43ren aurrean.Bitartean, Interview-NSS inkestagileei jarraiki, joan den asteko errefusazaleen %56ko portzentajea %60ra igo da, eta berrestezaleen %44koa %40ra jaitsi. 12 bat milioi herritarrek izango dute aukera botoa emateko.
Ezetzaren arrazoiak, Frantzian legez, estatu barneko politikarekin zerikusi handia dute, adituen iritziz. Herritarrak ez daude Gobernuaren ekinbide politikoa eta egongaiztasun ekonomikoarekin gustura eta elite politikoaren eta oinarri sozialaren arteko tartea gutxitzea nahi dute. Jan Peter Balkenende lehen ministroa (demokristaua) buru duen zentro-eskuineko gobernuak oso konfiantza maila baxua lortu du inkestetan; hein batean, gastua murrizteko abian jarritako neurriengatik, hauek arlo sozialean murrizpenak eragin dituztelako. Gobernuaren jardunak sindikatuek kalera ateratzea erabakitzea eragin du aurten. Kontuan izan behar da Herbehereetako sindikatuen ezaugarrietako bat kontsentsurako joera dela. 1980ko hamarkadatik ez ziren kalera protestan atera.
Horrez gain, 2003tik ez aurrera ez atzera dago ekonomia eta langabeziak gora egin du, %6,4raino (iazko datuak). Ezezko botoaren bultzatzaileek diote Herbehereek Europako Konstituzioa berretsiko balute, estatu soziala areago kamustuko litzatekeela.
Era berean, Herbehereak bezalako estatu txikiek Konstituzioarekin Europan indarra galduko luketela argudiatzen dute. Gainera, eutanasia eta prostituzioaren legeztapena eta kalamua kafetegi edota dendetan saltzeko tolerantzia bukatuko litzatekeela diote.
Ezetzaren aldean protekzionismoa ere ageri da, baita zenbaitzuen xenofobia ere. Azken hau nabarmen geratu zen Pim Fortuynena (2002ko maiatzean hil zuten) bezalako alderdien arrakastarekin. Haren alderdiaren indarrak Herbehereetako immigrazio politika gogortzea eragin zuen. Orain, ildo hura segitzen duen Geert Wilders diputatu independenteak Turkia EBn sartzeko posibilitatea beldur arma gisa erabiltzen ari da, beste zenbait politikarirekin batera.
Bien bitartean, SP ezkerreko alderdia Ez utzi beldurtzen leloa erabiltzen ari da erreferendumaren kanpainan. Dioenez, ezezkoa emanda Bruselan negoziazio berriak irekitzea erdietsiko dute Herbehereek, itun hobeagoa lortzeko. EBko agintariek, aitzitik, hori gezurtatzen dute.
Geroaz erabaki «argia» nahi du Kopenhagenek
Danimarkako lehen ministro Anders Fogh Rasmussenek atzo esan zuen «Frantziaren ezetzaren ondotik EBko agintariek erabaki argia» hartu behar dutela «Itunaren etorkizunaz». Erabaki hori ekainaren 16 eta 17an Bruselan egingo duten goi bileran hartu eta «egoera kontrolatzen dutela erakutsi» behar dutela nabarmendu zuen.
Haren hitzetan, frantziarren errefusak «egoera serioa» sortu du. Danimarka heldu den irailaren 27an da bozkatzekoa Ituna. Orain arteko inkestek baiezko jarrera agertzen dute nagusi.
Europako Batzordeko txandakako presidente (eta Luxenburgoko Atzerri ministro) Jean Asselbornek, bestalde, ziurtatu zuen egundaino ezein estatu kidek ez duela Konstituzioa berresteko prozesua gelditzeko eskatu. Haatik, Londresek atea ireki dio prozesua eteteko aukerari, Europaren geroaz «hausnarketa garaia ireki» behar dela esatean, herenegun.
Konstituzioak berak dio, 30. artikuluan, ituna sinatu zenetik bi urte igarota (2006ko azaroan) EBko bost estatu kidek baino gehiagok hura errefusatzen badute ezingo dela indarrean sartu. Oraingoz bederatzik berretsi eta batek (Frantziak) errefusatu dute.
Beste alde batetik, Errumanian 2007ko urtarrilean da EBn sartzekoa argitara emandako inkesta baten arabera, iazko udazkenetik %75etik %49ra jaitsi da EBn konfiantza dutenen kopurua. EBn sartu ahal izateko hartutako neurriek ekonomiaren egoera okerragotu dute.
Europako Konstituzio Ituna / Erreferenduma Herberehetan
Ezezko argia eman diote Herbehereetan Europako Konstituzioari
Frantziak Europako Konstituzio Ituna baztertu eta hiru egunera, Herbehereetako herritarrek ere ezezko argi bat eman dute erreferendumean. Ezezkoak %62,4ko babesa jaso du Herbehereetan, botoen %52,1 zenbatuta. "Porrota" onartu du Herbehereetako lehen ministroak, eta emaitza "errespetatzen" duela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu