"Migranteak ez dira Greziara, Italiara edo Hungariara heltzen, Europara baizik. Baina, Europak bere aurpegi itsusiena erakusten du, estatu kideen arteko eztabaidekin, erabaki kontrajarriekin eta jarrera berekoiekin. Eta horrek guztiak kolokan jarri du Batasunaren zutabeetako bat, Schengen eremua", ohartarazi du Italiako Atzerri ministro Paolo Gentilonik.
Italia, Grezia, Mazedonia eta Serbia dira egun etorkin gehien jasotzen dituzten herrialdeak. Italiara 4.700 migrante heldu dira asteburuan —100.000 inguru urtea hasi zenetik—, eta Greziak, berriz, ez dauka nahiko baliabide kontinentera sartu nahian uharteetan zain dauden milaka pertsonari aterpea emateko. Mazedonian, ostegunetik indarrean zen larrialdi egoera bertan behera utzi zuen atzo Gobernuak, eta mugak zabaldu zituen, han pilatuta zeuden etorkinetatik 4.000 ingururi Serbiara sartzen uzteko. Serbiak, berriz, bi egunean 6.000 eta 8.000 pertsona artean jaso ditu, eta errefuxiatuentzako gune bereziak jarri behar izan ditu mugan.
Milaka etorkin horien helburua ez dira aipatu herrialdeak, Alemania edota Suedia baizik, horietan bizi baitzaizkie senide eta lagunak. Horiek, ordea, ez daude jendeari ateak zabaltzeko prest, eta alde dute Europako legedia. Izan ere, Dublingo Tratatuaren arabera, Italiara edo Greziara iritsita asiloa eskatzen duten etorkinek ezin dute Europako beste herrialdeetara jo.
Larrialdiko bilera
Krisiaren neurriak ikusita, larrialdiko bilera egingo dute gaur Alemaniako Kantziler Angela Merkelek eta Frantziako presidente François Hollandek, migrazioaren auziari irtenbidea aurkitzeko asmoz. Europako Batasunak joan den apirilean egin zuen immigrazioari buruzko azken goi bilera, baina ordu hartan ez zuten lortu kuota sistemari buruzko akordiorik. Hitzarmen hori bultzatzea litzateke gaur Berlinen egitekoa duten aurrez aurrekoaren helburua.
Europako Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrek Le Figaro eta Die Welt egunkarietan argitaratutako iritzi artikulu baten bidez erantzun die Bruselaren politika bateratua eskatzen dutenei. Haren esanetan, ez da beste goi bilera baten beharrik; aldiz, estatu kideek apirileko bileran adostutako neurriak ezarri behar dituzte. "Inoiz ez ditugu itzuliko babesa behar dutenak. Baina Europako Batasunak seguruak diren estatuen zerrenda osatu behar du, herrialde horietakoak diren etorkinak etxera itzul daitezen".