Xavier Cuadras (ekonomista)

"Ezinezkoa da independentzia mundu guztiarentzat negozio ona izatea"

Estatu propioa izanda kataluniarrak hobeto biziko direla uste du Cuadrasek, eta hautu politiko horrek arrisku ekonomiko handirik ez lukeela ekarriko. Konpainia gutxi batzuei kalte egin arren, "gizartea garaile ateratzen bada, merezi du".

Jon Fernandez.
2012ko azaroaren 18a
11:45
Entzun

Bartzelonako Pompeu Fabra unibertsitateko ekonomia irakaslea da Xavier Cuadras (Igualada, 1965), eta CatDem fundazioak Kataluniaren independentziaren bideragarritasunaren inguruan egindako hiru txostenetatik baten egilea. Burujabetzak bizi maila hobea ekarriko diela uste du.

Ekonomikoki bideragarria da Katalunia?
Jakina. Badaude munduan herrialde txikiagoak, txiroagoak, okerrago gobernatuak... eta bideragarriak dira, azken batean, bidea egiten doazelako. Kontua ez da bideragarri izatea, aberatsagoa edo pobreagoa izango litzatekeen jakitea baino.

Katalanak hobeto biziko lirateke estatu independente batean?
Nik uste dut baietz. Arrazoi nagusia da urtero transferentzia fiskal sistematikoa egiten diotela katalanek Espainiari, gure barne produktu gordinaren (BPG) %8 suposatzen duen transferentzia.

Lapurreta fiskalaz ari zara.
Nik ez diot lapurreta fiskala deitzen. Transferentzia deitzen diot. Transferentzia hori Estatuaren aurrekontuetan oinarritzen da eta sarri diputatu katalanek bozkatzen dituzte. Gero, batzuetan, diputatu horiek lapurreta fiskala hartzen dute ahotan. Kontraesana iruditzen zait. Lapurretarena erretorika politikoa da.

Itun fiskalarekin konformatuko litzateke Katalunia orain?
Baliteke jende askorentzat itun fiskal on bat arrazoizko konponbidea izatea.

Kontzertu ekonomikoaren antzeko zerbait izan beharko litzateke gutxienez.
Katalunia eta Espainiaren arteko harremanean zaila da Estatuaren leialtasunean sinestea. Kutxaren giltza norberak ez badu, ni ez ninduke konbentzituko konponbideak. Muga batera iritsi gara, eta jendeak ez luke onartuko euskal kontzertu ekonomikoaren baldintzetara iristen ez den ezer. Nire inpresioa hori da.

Baina Madril ez dago prest itun fiskalik onartzeko.
Jakina, bere diru sarrera fiskalak nabarmen jaitsiko lirateke. Horrek orain egiten ari direna baino murrizketa fiskal handiagoa egitea eskatuko lioke.

Finantza sistema da Kataluniaren lasta handiena?
Arlo ekonomikoan bai. Baina independentziarena auzi politiko bat da, jendeari estatu independente baten proiektua gustatu behar zaio. Kontua da pauso hori emateak ekar ditzakeen arrisku ekonomikoak ez liratekeela oso handiak, eta ez luketela erabaki politikoa baldintzatu behar.

Katalunia barik, zelan geratuko litzateke Espainia?
Defizit publikoa bi puntu igoko litzateke, transferentzia fiskala galduta. Horixe kolpe handiena. Diru asko da, baina %2 baino ez. Espainiako ekonomia gurea baino lau aldiz handiagoa da.

Espainiako merkatua galduko luke Kataluniak?
Ez dut uste. Harreman komertzialak bi aldeen onuran oinarritzen dira: nik zerbait erosten badizut da uste dudalako zure produktua kalitate eta prezio onekoa dela. Hau da, espainiarrek Kataluniako produktuak erosten dituzte ondasun produktiboak direla uste dutelako, eta horrek ez luke aldatu behar. Ez dago horretarako arrazoi ekonomikorik.

Baina badira boikotera dei dezaketen arrazoi politikoak.
Bai, eta guk egin ditugu aurreikuspenak. Dena dela, boikotak mugatuak dira bai denboran eta bai helburuan. Boikota egiten badiozu lehen interesgarria iruditzen zitzaizun zerbaiti, gero zerbait garestiagoa edo txarragoa erosi beharko duzu haren ordez. Boikota ez da doakoa: kalteak izango lituzke kataluniarrentzat, baina baita espainiarrentzat ere.

Kataluniako esportazioen %46 Espainiara doaz.
Asko jaitsi da kopurua [1987an %75 zihoan Espainiara], eta gehiago jaisten ari da. Hori bai, Katalunian sortzen den balio erantsiari begiratzen badiogu, %60 bertan geratzen da, %22 Espainiako merkatuan eta %18 munduko gainontzeko lekuetan.

Erraza litzateke Espainiaren merkatua ordezkatzea?
Cavaren kasuan ikusi zen aurki daitezkeela ordezko merkatuak. Orain orduan baino gehiago esportatzen dute cava. Boikota zein independentzia alde batera lagata, enpresentzat estrategiarik onena merkatu askotan saltzea da. Arrautzak zenbat eta otzara gehiagotan laga hobeto, merkatu batekiko gehiegizko dependentziarik ez izateko.

Katalunia burujabearen arazo nagusiak zeintzuk izango lirateke?
Lehena, kreditura sarbidea izatea. Printzipioz, Kataluniako estatuak Espainiako zorraren zati proportzionala hartuko balu, erlatiboki zorpetuta jaioko litzateke. BPGrekiko %79 inguruko zorra izango genuke, euroguneko batez bestekotik pixka bat beherago. Gainera, estatu berri bat izatean ikusteko legoke zelan kalifikatuko luketen rating agentziek.

Zorra ez litzateke oraingo zabor mailan mantenduko?
Ez. Zabor bonua daukagu Generalitatearen finantzazio bide bakarra Espainiaren transferentziak direlako. Madril ia zaborrean badago, haren menpe dagoena erabateko zaborra izan behar da. Gertatuko litzatekeena da Generalitatea bere baliabideen jabe izango litzatekeela, eta finantzatzeko gaitasuna sarrera fiskalak eskuratzeko duen ahalmenaren araberakoa izango litzateke.

Eta kalifikazioa hobetuko litzatekeela uste duzu?
Txarrera ezingo luke egin. Gaur egun analistak Kataluniara begiratzen du eta ikusten du txarto doan estatu baten menpe gaudela, eta beraz, kataluniarrentzako aurreikuspenak txarrak baino txarragoak izan behar dira. Egungo kalifikazio txarraren arrazoia finantza autonomiarik eza da.

Pentsioak ordaintzeko arazorik egongo litzateke?
Funtsean, arazo demografiko bat da, eta lan-tasarena. Katalunia eta Espainia antzekoak dira, agian apur bat zaharragoak gu, baina lan-tasa handiagoarekin. Beraz, arazo barik jarraituko genuke pentsioak ordaintzen. Beste gauza bat da, Mendebaldeko estatu guztiek duten arazoa: pentsio sistema ez dela jasangarria. Seguruenik erretiro adina estatu guztietan atzeratuko da, baita gurean ere, independente izan ala ez.

EBren barruan ala kanpoan geratuko litzateke Katalunia?
Aditu askok esan didate jarraikortasun printzipioa betez, normalena dela jada europar hiritartasuna dutenak europar izaten jarraitzea. Egia da EBko itunak ez direla argiak, baina azken batean erabaki politikoa litzateke. EBren praktika juridikoa oso pragmatikoa da, eta herritarraren eskubideen aldeko joera du. Zaila da Katalunia burujabea bada kaleratze adierazpen argi bat egotea. Baliteke formalki kanpoan geratzea tarte batez, baina merkatu bakarraren barruan mantentzea.

Aldagai garrantzitsua litzateke EBtik kanpo geratzea. Madrilen muga zergen oztopoa aipatzen dute.
Muga zergez berba egitea XIX. mendeko kontu bat iruditzen zait. Ez dut aukera hori ikusi ere egiten. Ikuspegi ekonomikotik ez luke bat ere logikarik: europarrei eta espainiarrei ere kalte egingo lioke mugak jartzeak. Espainian dauden Alemaniako enpresen %50 Katalunian daude, BASF edo Volkswagen esaterako, eta ez daude hemen katalanei saltzeko, europar guztiei baizik. Muga zergak jartzea saihestu badezakete, horixe egingo dute.

Enpresa handien deslokalizazioaren mamua ere astintzen ari dira.
Tamaina handiko konpainien deslokalizazioak oso garestiak dira. Ez dut uste enpresa askok egingo dutenik hori. Normalean statu quo-a babesten dute enpresek, baina aldaketa politiko badago hobeto aterako litzaieke muga zergarik ez egoteko presio egitea desinbertitzea baino.

Enpresariek zer jarrera daukate burujabetzaren inguruan?
Denetik dago. Enpresa esportatzailea banintz alde egongo nintzateke, merkatua ez dutelako Espainian. Enpresa txikiak ere bai, merkatua Katalunian dutelako. Gero, merkatuaren zati handi bat Espainian duten enpresak daude, eta horiek, logikoa denez, errezeloz begiratzen dute. Halere, enpresari gehienak badakite egoera berrira egokitu beharko luketela. Ezinezkoa da independentzia mundu guztiarentzat negozio ona izatea. Espainia EBn sartu zenean Kataluniako enpresa asko desagertu ziren, baina gizartearentzat ona izan zen. Aldaketa politiko sakonak daudenean ia ezinezkoa da denak garaile izatea. Baina balio erantsian gizartea garaile ateratzen bada, merezi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.