Soslaia. Elio Di Rupo

Ezinezkoaren artista

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Ez da Belgikako politikari klasikoa Elio Di Rupo (Morlanwelz, 1951); gurasoak ez ditu ogibide horretakoak, Belgikan askok bezala: Italiako emigranteen semea da. Akordioa erdiesterakoan ere gutxik duten energia, pazientzia eta imaginazioa aitortu dizkiote, eta politikari eta negoziatzaile zintzoa izatea, entzuten jakitea. Paradoxak zer diren, gorreria partzialari leporatzen dio-eta nederlandera ikasteko zailtasuna. Ez du hori oztopo bakarra izango, hainbat komunikabidetan «ezinezkoaren eskulangilea» deitzen diotenak artistaren irudimena beharko baitu, aurrerantzean ere batetik eta bestetik tiraka dabiltzanen lokarria izan nahi badu.

Ezohikoa bada Belgikan biztanleen %60 aritzen diren nederlandera ez jakitea, arrunta ez den bezalaxe frantsez hiztun batek gobernatzea: 38 urtean ez da horrelakorik gertatu Belgikan. Azkenak, Edmond Leburtonek, kritika gogorrak jasan zituen nederlandera ez zekielako. Di Rupok badaki hori, eta nekaezin errepikatua du bi komunitateen alde, «errespetu osoz» ari dela eta ariko dela, flandriarrentzat berdin-berdin; akordioa egiteko negoziazioetan egin duen bezalaxe.

Lehen ministroaren ezohikotasunen artean, homosexuala dela argi eta garbi esatea ere badago; homosexualitatea onartzeak lehena egiten du Europako Batasuneko buruzagien artean. Horrexegatik, nahikoa buruhausteri aurre egin behar izan dio. 1996an aldarrikatu zuen homosexuala zela, baina bere ibilbide politikoa zapuzteko saioa bertan behera uzteko iragarri zuen. Pederastia eta hilketa kasuek sortu zuten izuaren erdian gizon batek leporatu zion adingabea zenean Di Rupok sexualki abusatu izana. Hark argudiatu zuen hainbatek bere kontra interesak zituztela. Auzia lehertu zenean, kazetari batek esan zion: «Esaten dute homosexuala zarela», eta hark erantzun: «Bai, eta zer?». Erabaki judizial batek arrazoi eman zion: errugabea zela esan zuen, eta azpijoko faltsua besterik ez zela. Gertaera hark haren ospe ona areagotu zuen.

Di Rupok PS alderdi sozialistaustelkeriaz eta gertaera ilunez askatzeko borroka egin behar izan du, hamarkadatan gaur arte tarteka atera diren eskandaluen aurka.

Soinean tximeleta gorria eta begiak txikitzen dizkion betaurrekoak eramateak zientzialari itxura ematen dio —kimikan litzentziaduna da—, baina gaztetatik dago politikan. Kargu nazional eta eskualdeko asko izan ditu, eta alderdia zaharberritzen ahalegin handiak egina da.

1982an Monseko kontseilari aukeratu zuten, eta 1986an hiri horretako Osasun eta Gizarte Gaietarako arduradun. 1987an egin zuen jauzi eremu nazionalera, Ordezkarien Ganberarako ordezkari bilakatu zenean. 1991n Senatura iritsi zen.

1992tik 1994ra hark hartu zuen Belgikako komunitate frantsesaren gobernuko ordezkaritza, eta 1994an Alderdi Sozialistaren ordezkari, gobernu federaleko lehen ministrorde izan zen, Enpresa Publiko eta Ekonomia ministro izatearekin batera. 1999an gobernu federala utzi, eta Valoniako presidente bilakatu zen, eta hilabete batzuk geroago bere alderdiko presidente.

2003an itzuli zen Ordezkarien Ganberara, eta 2005 eta 2007 bitartean presidentetza errepikatu zuen Valonian. Iaz valoniarren artean boto kopuru gehien eskuratu zuen PSk, nahiz eta N-VA flandriarren atzetik geratu. Negoziazioetan flandriarrei eta valoniarrei eskatzen zutenaren zati bat ematen jakin izan duelako fama hartu du orain, baina hargatik balitz beste norbait legoke, duela hamar egun, behintzat, dimisioa ematen saiatu baitzen. Albert II.a Belgikako erregeak ez zion onartu, Europako aginduak kontuan hartuta.

Ama alargunarekin eta sei anai-arrebekin hazi izanak nahikoa eskarmentu eman ote dion erakusteko aukera du orain. Aita istripuz hil zitzaion urtebete zuela, eta amak zazpi seme-alaba aurrera atera behar izan zituen bakar-bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.