Datorren urtera begira iragarri duten galdeketaren inguruan aritu da Artur Mas Kataluniako TV3 telebista katean, bart gauean. Katalunian kontsultaren galderaren eta egunaren gainean CiUk, ERCk, ICVk eta CUPek egin duten akordioa goraipatu du, eta berak balizko galdeketaren bi galderei baiezkoa emango liekeela erantzun du, independentziaren alde, baina presidente gisara ezin dela eztabaidan sartu; bere lana "bozketari bide ematea" dela. "Deialdiaren dekretua sinatuko" du, eta "uneren batean, ez oso berandu" Kataluniako herria botoa ematera deituko dute, "kontsulta bidez, edo hauteskunde bidez".
Presidenteari Espainiako Gobernuarekin negoziatzea gustatuko litzaioke, eta galderak eraldatzeko prest dago behar izanez gero, Eskoziak eta Erresuma Batuak egin duten bezala. "Behin eta berriz saiatuko" da horretan, autodeterminazioaren alde herritarrek beren iritzia eman dezaten. "Datozen egunetan" Rajoyrekin hitz egiten saiatuko da, "botoa ematen utzi behar duela ulertarazteko". Espainiako Estatuak egin lezakeen ezein proposamen negoziatzeko ere prest agertu da, baina gaur-gaurkoz erantzuna "ezezko biribila" dela.
Espainiako Konstituzioa "harresi igaroezina" dela-eta kexa agertu du, bere ustez ezin direlako gaitzetsi "ekintza demokratiko, baketsu eta ez-totalitarioak", besteak beste gisa horretako galdeketa bat. Galdeketa negoziatzeari uko egitea ez da jarrera egokiena demokrata batentzat, Masen ustez: "Hori da demokrata batek eman behar duen erantzuna?".