PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionalaren olatuak ez du Mexiko Hiria irentsi, eta hiriburuak ezkerraren oasia izaten jarraituko du, orain arte bezala. Ezkerraren garaipena, gainera, ez da nolanahiko izan, PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko hautagai Miguel Angel Mancerak botoen %60 baino gehiago eskuratu baititu, eta PRIko hautagai Beatriz Paredesi —bigarren geratu da—40 punturen aldea baino handiagoa atera baitio. Jesus Zambrano PRDko presidenteak aldarrikatu du hirian alderdiaren garaipena «erabatekoa» dela. «Nire lehentasuna hauek izango dira: emakumeak, amak, zaharrak, gazteak, ezintasunak dituztenak, haurrak eta kultuzko, preferentziazko eta adierazpenezko askatasunak aldarrikatzen dituzten gizon nahiz emakumeak», adierazi du Mancerak, herritarren ongizatea helburu nagusi izango duela nabarmenduz. Alderdi guztiekin hitz egiteko prest ere azaldu da.
PRIk eta PAN Ekintza Nazionalaren Alderdiak hiriburuko porrota aitortu dute, Manceraren erabateko arrakasta ikusita. «Lehiatzerakoan, irabazi edo galdu egiten da», onartu du Paredesek, eta lortutako bigarren postua txalotu du jarraian; izan ere, PANi azken bi hauteskundeetan lortu zuen txapeldunordearen postua kendu dio.
PANeko hautagai Miranda de Wallacek, berriz, ospatzeko eguna dela adierazi du emaitzen berri izan ondoren. «Gaur ospatzeko eguna da, gauza asko ospatzeko eguna. Batetik, hainbeste herritar botoa ematera joan izana, eta hori, dudarik gabe, oso baliotsua da. Ospatu beharra dago, halaber, hainbeste herritarrek babesa eta elkartasuna adierazi izana; asko eskertzen diet PANen alde botoa eman duten guzti-guztiei. Mila esker», adierazi du De Wallacek. Ospakizunetarako arrazoi gutxi ditu, ordea, PANek; izan ere, emaitzetan hondoratu egin da, botoen %14 eskuratuta. 1997an Mexiko Hiriko lehen gobernadorea aukeratu zutenetik alderdiak lortu duen emaitzarik kaskarrena izan da.
Ezkerraren gotorlekua
1997an Mexiko Hiriko gobernuko buruzagia lehen aldiz demokratikoki aukeratu zutenetik, PRD alderdiaren esku egon da hiriburua. Izan ere, ezkerraren gotorleku nagusia da Mexiko Hiria, oasi bat, basamortuaren erdian.
Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza eta bikote homosexualen adopzioa onartzen dituen Latinoamerikako lehen hiria bilakatu zen 2009an. Abortua ere legezkoa da hamabigarren astera arte. Ezkerraren gidaritzan, Mexiko Hiriak atzean utzi ditu poliki-poliki duela hiru hamarkada zituen ezaugarriak: kaosa, segurtasun falta eta kutsadura; eta herrialdeko gainontzeko eskualdeetako garapenaren motor nagusi bilakatu da. Zortzi milioi biztanleko hiriak Mexiko iparraldea astintzen duen indarkeriari ihes egitea ere lortu du.
Ebrarden itzalpean
«Azpiegituretan egin dena egonkortuko dugu, garapen teknologikoan aurrera egingo dugu eta gaitasungabeentzat zerbitzuak hobetuko ditugu. Amaitzerakoan oso hiri ezberdina itzuliko dugu», hitzeman du Mancerak. Urtarrilean PRDk hiriko gobernadore izateko aurkeztu zuenean, PRIko hautagaiak alde handia ateratzen zion Mancerari inkestetan. Inoiz hautagai izan gabea zen, eta ez da ezein alderdi politikotako kide, nahiz eta 2004tik PRDko gobernuekin lankidetzan aritu den. Baina denbora gutxian herritarren faborito bilakatu da 46 urteko abokatu eta hiriko fiskal ohia. Ile urdinduagatik Gure Goerge Clooney ezizenez ezagutzen dute.
Mancerak PRDko kide eta 2010ean munduko alkaterik onena izendatu zuten Marcelo Ebrardiren lekukoa hartuko du abenduan. Adituek diote haren izen onak kalte egin diezaiokeela gobernadore berriari, nahiz eta Mancerak haren ondarea eta bultzada aprobetxatzeko asmoa agertu duen.
Mexiko. Hauteskundeak
Ezkerrak erabateko garaipena lortu du Mexiko Hirian
PRIko hautagaia bigarren geratu da, eta Mancerak 40 punturen aldea atera dio; hitzeman du denekin hitz egingo duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu