Frantziako ezkerrak garaipen historikoa lortu zuen atzo Senaturako bozetan, eta ekologistekin batera gehiengo osoa izango du, 1958. urtea V. Errepublika sortu zenetik lehen aldiz. 170 eserleku berritu dituzte —gehiengo osoa izateko behar zituen 23 eserlekuak eskuratuta— eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidente eta UMPko buruak porrota onartu du.
Zazpi hilabete geratzen dira presidentetzarako bozetarako, eta François Hollande Alderdi Sozialistako buruzagiak esan du Sarkozyren porrota "larria" dela. Segolene Royal PSko buruzagiaren arabera, "eskuinaren politikak zigor handia" jaso du.
Sarkozyk UMPko zuzendaritza bildu du gaur, emaitzak aztertzeko. François Fillon lehen ministroak aitortu du oposizioak "bultzada" indartsua jaso duela Senatuan, baina euren alderdian zenbait departamentuetan dauden zatiketen ondorio gertatu dela. Bruno Le Maire Nekazaritza ministroak adierazi du "abisu garrantzitsua" jaso dutela.