Alemaniako presidente kargua atzo hartu zuen ofizialki Joachim Gauck artzain protestanteak, kontsentsuzko hautagai independenteak. Bezperan aukeratu zuen Batzar Federalak: Alemaniako Parlamentuko 620 diputatuk eta landerretako 620 ordezkarik osatutako ganberan botoen %80 jaso zituen. Ez zuten alferrik babesten Angela Merkelen koalizio gobernua osatzen duten demokristau eta liberalek nahiz oposizioan diren sozialdemokrata eta berdeek.
Ekialdeko Alemanian sortua Merkel bera bezala, ez zen, hala ere, gobernuburuaren gustuko hautagaia oraintsu arte. Baina Christian Wulffek Presidentetza utzi zuelarik ustelkeria salaketengatik —aurreko presidente Horst Kohlerrek ere ez zuen amaitu agintaldia—, batasun itxura eman beharra zeukan Merkelek, CDU eta FDPren koalizio gobernuaren pitzadurak ez nabarmentzeko. Eta lehenago SPDren eta Berdeen hautagai izan zena proposatu zuen, liberalen presioagatik. Alemanian gobernuburua eta presidentea Ekialdean sortuak izatea, gainera, batasun prozesuaren arrakasta gisa hartu dute. Rostock hirian duela 72 urte jaioa, Berlingo harresia erori aurreko garaian hasi zen Gauck erregimen komunistaren kontra. Azken orduko disidentea izanik, Mendebaldean karrera politikoa egiteko bere jarduna puztu izana ere leporatu izan diote Ekialdeko Alemaniako disidente historikoek.
Bellevueko jauregiko maizter gisa pisu moral handia izango du Gaucken iritziak, presidente kargua protokolozkoa gehiago izanagatik. Eta alemaniar askoren kezka da Mendebaldeak duen krisi neoliberalean presidenteak ez dituela askatasuna eta justizia soziala lotu izan. Askatasuna Gauckek diktadura komunistarik ezarekin lotu izan baitu. Baina kargua hartu berritan AEBen eredua gaitzetsi du, estatu sozialik ez duela argudiatuta.
Soslaia. Joachim Gauck
Ezkerrak igo duen kontserbadorea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu