Ezkerrak irabazi arren, bigarren itzulia egingo dute Uruguain

Fronte Zabaleko hautagai Jose Mujicak botoen %47,5 bildu ditu, baina gehiengo osoa ezinbestekoa da presidente izateko

2009ko urriaren 27a
00:00
Entzun
«Herrialdea bitan dago zatituta, baina geure buruan konfiantza dugu», adierazi zuen atzo Jose Mujica Pepe-k, Uruguaiko bozak irabazi arren bigarren itzulia egin beharko dutela jakin zuenean. Izan ere, Fronte Zabaleko hautagaiak ez du gehiengo osoa lortu. Zehazki, uruguaitarren %47,5k egin zuten bere alde, herenegungo hauteskunde orokorretan. Hori hala, azaroaren 29an Luis Alberto Lacalle presidente ohia (1990-1995) izango du lehiakide. Izan ere, Alderdi Nazionaleko presidentegaia izan da bigarren, botoen %28,5 bildu baititu. Bigarren saio horretan Mujicak nahikoa izango du gehiengo sinplea gobernuburu izateko.

Bi alderdientzat emaitzak 2004ko hauteskundeetakoak baino kaxkarragoak izan dira. Fronte Zalabeko hautagai Tabare Vasquezek ez zuen orduan bigarren itzulirik behar izan presidentetza eskuratzeko; bere aldekoak izan ziren botoen %50,5. Bide batez, hauteskunde haiek Legebiltzarrean gehiengo osoa bermatu zioten Fronte Zabalari. Orain, baina, ezin izan dio horri eutsi; gutxienez botoen %48 behar zituen horretarako.

Era berean, Alderdi Nazionalak botoen %34 eskuratu zituen 2004an, herenegun baino ia sei puntu gehiago. Aurreko bozetako emaitzekin alderatuta, nabarmen egin du gora, ordea, Colorado Alderdiak; botoen %14 bildu zituen orduan, eta %16,7 herenegun. Haren hautagai Pedro Bordaberryk aurreratu du jada bigarren itzulian Lacalleren alde egingo duela. «Segurtasun gehien ematen digun aukera da».

Garaipenaz ziur

Hori ikusirik, beldurrik gabe agertu da Danilo Astori, Fronte Zabaleko presidenteorde gaia. «Frontearen ereduaren eta eskuinaren artean aukeratu beharko dute herritarrek, eta lehen saioko emaitza ikusita, jakina da zeinen alde egingo duten», adierazi du. Mujicaren kontra galdu zuen Astorik alderdiaren barruko bozetan, ekainaren 28an. Errepublikako Unibertsitateko errektore izan zen Astori, 32 urte baino ez zituenean. Ekonomia ministroa izan zen, 2005etik 2008ra. Eta egungo presidentearen besoetako politikaria da.

Hala eta guztiz ere, alderdikideek lehiarako intelektual bat baino nahiago izan dute gerrillako kide izandako nekazaria; horixe baita, hain juxtu, Mujica. Askapen Nazionalerako Mugimendua-Tupamaroak izeneko kide izan zen 60ko hamarkadan. Garai hartan egindakoagatik, hamalau urte igaro behar izan zituen preso. Sistematikoki torturatu zutela salatu izan du. Askatu zutenean, Herri Parte-hartzearen Mugimendua eratu zuen; erakunde politiko horrek Fronte Nazionalarekin bat egin zuen 1989an.

Alderdi horretako militante zela, 1995ean, legebiltzarkide aukeratu zuten. Geroago, Vasquezen gobernuan, Abeltzaintza, Nekazaritza eta Arrantza ministroa izan da. Eta, besteren artean, Raul Sendic Funtsa - tupamaroen liderraren izena eman zioten programari- sortu zuen 2006an, herritarren negozio ekimenei maileguak emateko. Hori martxan jarri ahal izateko, Mujicak eta bere alderdiko ministroek eta diputatuek beren soldataren zati bati uko egin zioten. Zehazki, urteak igarota ere, 2006an irabazten zutena irabazten jarraitzea adostu zuten. Hala, ministroei dagokien hileko soldata aurten 3.500eurokoa bada ere, Fronte Zabalekoek 1.260 euro jasotzen dituzte hilabetero.

Bide horretatik, Mujicak buruan ditu jada presidente karguaren zina egiten duen egunean bertan martxan jarriko dituen neurriak. Haietako zenbaitek Astori bera izutzen dute; hala adierazi izan du presidenteorde gaiak. Besteren artean, jabetza pribatua aztertu nahi du Mujicak. Era berean, karrera amaitu berri dutenmedikuak eta irakasleak herrialdearen erdialdera -eremu pobreena- bidali nahi ditu lanera. Unibertsitatea hiriburutik atera eta departamentuetara eramango duela ere iragarri du. Horretarako, beste alderdiekin batera lan egiteko prest agertu da. Itxura guztien arabera, bera izango baita presidente. Gehiengo sinplea baino ez du behar horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.