Eztabaida lehertu da

PSCk hauteskundeetan izandako beherakada historikoa dela eta, ildo katalanistak ahotsa goratu eta alderdia berreraikitzea eta Madrilen talde propioa izatea eskatu.

Jon Fernandez.
2010eko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Hondoratzen ari den itsasontzia da PSC, Antoni Castells Generalitateko jarduneko Ekonomia kontseilariaren ustean. Eta hondoa jo aurretik, itsasontzia artezteko proposamen argia egin zion atzo alderdiko zuzendaritzari: «PSOEkiko independentea eta autonomoa izan behar du PSC alderdiak».

Igandeko hauteskundeetan sozialista katalanek inoizko emaitzarik txarrenak jaso ostean, eztabaida lehertu da PSC Kataluniako Sozialisten Alderdia. Inoiz baino aratzago azaleratu dira alderdiaren bi arimak: Madrilera begira dagoena eta katalanistena. PSCko zuzendaritza Jose Montillaren ordezkoa izendatzeko prozesua arindu nahian dabil, PSOErekin hitzartu legez, Carme Chacon Espainiako Defentsa ministroa PSCko lehen idazkari izendatzeko.

Zuzendaritzaren asmoen aurrean ez dira mutu geratu katalanismoaren ildoko sozialistak. Castellsek adierazi du PSC «alderdi marjinal» bihurtzeko arriskuan dagoela, eta «alderdia berreraiki beharra» dagoela. «Beste batzuen asmo bakarra, itsasoaren hondoan bada ere, itsasontziaren lema eskuetan izatea bada, hor konpon. Niri ez zait interesatzen gidaria aukeratzeko borroka».

Castellsek argi dauka zein den bere alderdiak jorratu beharreko bidea: «Katalanismo politikoaren alderdi zentral bilakatzeko gai izan behar dugu. Gehiengoa lortzeko asmoarekin, zentro-ezkerreko izaera progresistari eutsiz eta Katalunia gobernatzeko gai izanez. Eta, horretarako, PSOEkiko independentea eta autonomoa izan behar du PSCk».

Castells ez dago bakarrik

Alderdia berreraikitzea «proiektu handinahia da», Castellsek aitortu duenez. Baina eginkizun horretan ez dago bakarrik: «Nire iritzi bereko jende piloa dago PSCn».

Atzo aurreratu zuenez, alderdikide katalanistaa askorekin bildu da Castells berreraikitze lan horretan gehien arduratzen duen auzia aurrera eramateko: Espainiako Parlamentuan PSCk talde propioa lortzea, PSOEtik kanpo, erabakitzeko eta bozkatzeko boterearekin. «Madrilen talde propioa ez izatea gure kalterako izan zen finantzazioaren negoziazioan», aitortu du Castellsek.

Ildo berean, PSCren zuzendaritzaren kontrako ahotsak ugaritu egin ziren atzo. Alderdikide katalanistek isiltasuna hautsi dute. Montserrat Tura Generalitateko jarduneko Justizia kontseilariak, esaterako, bere alderdiak egin duen «ezeztapen kanpaina» kritikatu du. Izan ere, Ni independentistes, ni de dretes (Ez independentistak, ez eskuinekoak) izan da PSCren hauteskunde kanpainako lelo nagusia. «Kanpaina baikorrak gustatzen zaizkit, zerbait proposatzen dutenak», kexatu da Tura. Bozen ostean sortu den egoera ikusita, «hausnarketa sakona egin beharra» azpimarratu du.

Ernest Maragall Generalitateko jarduneko Hezkuntza kontseilariak ere Castellsen hitzak babestu ditu: «Madrilen talde propioa izatea ez da sozialismo espainiarrarekiko haustura edo liskarra; norbere posizioa defendatzeko askatasuna izatea baino ez da, Kataluniari dagozkion gaietan geurea argi eta garbi defendatzeko». Atzo, Twitterren esteka jarri zuen Maragallek, joan den abuztuan federalismecat blogean idatzitako hausnarketak publiko egiteko. Honela dio Maragallen Twiterreko mezuaren goiburuak: «Ongi da, has dadila eztabaida. Ikus itzazue joan den abuztuan idatzi nituen oharrak. Berriz irakurri ditut, eta gaurkotasuna dutela uste dut».

Hausnarketa ohar horietan, PSCk Madrilen talde propioa izatea aldarrikatzeaz gain, independentismoaz ere hitz egiten du Maragallek, Espainia federal baten barruan Katalunia «nazio-estatu» izatearen alde agertuz. «Kataluniak independentzia jada ez da gutxiengo baten nahi utopiko hutsa. Aitzitik, gure herrialdearentzako norabide estrategikotzat hartu behar dugu, baldin eta Katalunia eta Espainiaren arteko harremanak nabarmenki aldatzen ez badira».

Castellsen aburuz, «Espainia porrot egindako estatu-nazioa da, Madrilgo botere politikoa ez delako gai estatuko periferien gainetik inposatzeko eta Kataluniak eta Euskal Herriak ez dutelako independentzia lortzeko adina indar».

Kataluniako ezker berria

Hautesleek igandean PSCri eta ERCri emandako zigorraren ostean, ezkerreko mugimendu berri bat sor litekeela zabaldu dute Kataluniako hainbat agerkarik.

Vilaweb atariaren arabera, Castellsen jarraitzaileak eta Josep Lluis Carod-Roviraren jarraitzaileak hurbildu egin dira azken hilabeteotan, printzipioz «derrigorrean politikoa izan behar ez duen proiektua» garatzeko. Carod-Rovira isilik egon da kanpaina osoan, eta Castells hauteskunde gauean ez zen PSCren egoitzara joan ere egin. Vilaweben ustez, mugimenduok aspalditik mugitzen ari den izozmendiaren muturra baino ez dirudite. Hala ere, zurrumurruak isiltzeko asmoz, Castellsek kontrakoa baieztatu du: «Ez naiz PSCtik aterako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.