Eztei festa batean parte hartzen ari ziren 48 lagun hil dira Indian istripuz

ERREDAKZIOA
2006ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
India iparraldeko Uttaranchal estatuan istripua izan zuen atzo kamioi batek, eta, gutxienez, 48 lagun hil ziren. Kamioian eztei batean parte hartzen ari ziren gonbidatuak zihoazen. Almora udalerriaren parean, Bharwari ondoan, mendi zintzur batean behera erori zen kamioia. Istripua jazo zen lekuan bertan 45 hilotz aurkitu zituzten poliziek, eta beste hiru lagun erietxerako bidean hil ziren. 18 lagunek erietxera bizirik iristea lortu zuten, baina, tokiko polizia agintariek jakitera eman zutenez, zenbait oso larri zeuden.

Poliziek, inguruko zenbait herritarrekin batera, mendian behera egin behar izan zuten hilotzak eta zaurituak aurkitzeko. Amildegi sakonean aurkitu zituzten. Zaurituak hurbileneko erietxera eramateko ahalegina egin zuten.



AUTO ISTRIPU UGARI. Ez da hau Uttaranchalen hilabeteotan gertatzen den istripu handi bakarra. Iragan apirilaren 14a ere beltza izan zen; autobus batek ezbeharra izan zuen, eta 14 lagun hil ziren.

Egun hartan bertan auto istripu larria gertatu zen Assam estatuan ere, Nainital udalerri ondoan. Eztei gonbidatuak zeramatzan ibilgailuak izan zuen orduan ere ezbeharra; autobusa kanal batean behera erori, eta 50 lagun hil ziren. Antza, autobusaren balaztek kale egin zuten, eta gidaria ez zen ibilgailua kontrolatzeko gai izan.

Indian ibilgailu zahar eta oso zaharrak ugariak dira, eta errepideak ere eskasak eta gaizki zaindutakoak dira leku askotan. Egoera horren ondorioz gertatzen ari dira, hein handi batean, auto istripu asko. Orografia malkartsua dute, gainera, Indiako leku askok eta zaila izaten da gidatzea. Jendea garraiatzeko erabiltzen diren autobusak ere, sarri askotan, oso zaharrak izaten dira, eta ezbehar larriak izaten dituzte errepideetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.