Faborito argirik gabe egingo dituzte gaur Galesko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Adituen esanetan, batetik alderdi txiki batzuek ordezkarietan gora egin dezaketela esan izanak, eta bestetik herrialdean barrena hainbat independente aurkeztu izanak zaila egiten dute emaitzak zehaztasun tarte batekin aurreikustea. 60 diputatu hautatuko dituzte.
Alderdi Laboristak --agintean- kanpainan indar handia jarri du osasun zerbitzuan eta bestelako zerbitzu publikoetan. Haren hitzetan, soilik berari bozkatuta eragotz dezakete herritarrek kontserbadoreak osasun zerbitzuaz jabetzea eta hau «arriskuan» jartzea, pribatizazioaren bidetik, seguruenik.
Alderdi Laboristako kide eta Londresek Ipar Irlandarako eta Galeserako duen ministro Peter Hainek Galesko egungo lehen ministro Rhodri Morganen alde egin du. Gainera, abertzaleen eta kontserbadoreen koalizio baten kontra ohartarazi du: «Ondo sentitzen den eta Rhodriren zein laboristen gidaritzapean bide egokian doan Gales honen eta ezegonkortasunera eta gatazkara eramango lukeen nazionalisten eta tory-en koalizio ahul baten gidaritzapean desbideratzeko arriskuan legokeen Galesen artean hautatu behar dute boto-emaileek».
ABERTZALEEN AURREIKUSPENAK. Plaid Cymru alderdi abertzaleak, aldiz, esan du aukera asko dituela bera Legebiltzarreko talde nagusia bilakatzeko. Berriki kaleratutako bi inkestatan -ez dute iturririk aipatu- oinarritzen da hori esateko, IC Wales agerkari digitalaren arabera. Alderdiko buru Ieuan Wyn Jones oso baikor agertu da Cardiffeko gobernua eskuratzeko aukeren inguruan, eta agintaldiko lehen ehun egunetan zer egingo duen esateraino iritsi da: «Lehen egunetik hasiko gara gauzak ezberdin egiten. Gobernuan egingo dugun lehenbiziko gauza, ospitaleetako egungo programa aldatzea izango da».
Faborito argirik gabe egingo dituzte gaur boz orokorrak Galesen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu