iraken okupazioa

Falujako erasoa amaitu dela eta 1.000 errebelde hil dituztela jakinarazi du Irakeko Gobernuak

Irakeko Gobernuak esan duenez, Falujako eraso "operazio handia" amaitu da. Jakinarazi dutenez, 1000 errebelde hil dituzte erasoan. Orain, "erresistentziaren poltsa isolatu batzuk" geratzen direla diote. Hala ere, erasoaren helburu nagusia zen Abu Musab al-Zarqauik alde egin zuela onartu dute. Bestalde, Mosul hiria kontrolpean ezin hartuta dabiltza AEBak eta Irakeko Gobernua. Hiri hori errebeldeen esku dagoela diote lekukoek, eta kontrola hartu nahian, Goardia Nazionaleko kideak bidali ditu hara Irakeko Gobernuak. Bagdad inguruetan ere giroa ez dago lasai. Borrokak etengabeak dira, eta aireportua ere itxi egin behar izan dute.

2004ko azaroaren 13a
17:35
Entzun
Erresistentziaren esku dauden hiriak berenganatzeko asmoz, besteak beste, Faluja erasotzen hasi ziren aste honen hasieran AEBak eta Irakeko Gobernua. Erresistentzia uste zutena baino gogorrago dago ordea, eta herrialde osoan borrokak areagotu egin dira.

Kontrola hartzeko erasogune nagusia Faluja da. Astelehen gauean hasi ziren AEBak hiria bonbardatzen, eta piskanaka hiriaren kontrola lortzen ari direla diote. Irakeko Segurtasu Nazionaleko ministro Kazem Daudek jakinarazi dutenez, Falujako erasoaldia amaitu da, eta 1.000 errebelde hil dituzte. Orain, "erresistentziaren poltsa isolatu batzuk" baino ez direla geratzen dio.

Hiri hartako gizarte zibilaren egoera negargarria dela salatu dute Gobernuz kanpoko erakundeek. Esan dutenez, ez dago ez urik, ez janaririk eta ezta botikarik ere. Falujatik irten ezinda 167 familia baino gehiago daudela esan dute, "belarra jaten, eta ur txarra edaten". Gaur, Bagdadetik janaria eta edaria daraman kamioi bat abiatu da Falujara.

Hirian hildako ugari dago lurrean botata. Hilotzak deskonposatzen ari dira.

Mosul ezin kontrolpean hartuta

Mosulen, kontrola ezin berenganatuta dabiltza AEBak eta Irakeko Gobernua. Indar gehiago egiteko, Goardia Nazionaleko tropa gehiago bidali dituzte hara. Irakeko Gobernuak ez du kontrola galdu dutenik onartzen, baina lekukoek diotenez, hiria errebeldeen esku dago. Esan dutenez, apenas ikusten den poliziarik kalean.

Bagdadeko aireportua itxita

Bagdad inguruetan ere etengabeak dira borrokak. Irakeko Gobernuak itxi egin behar izan du aireportua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.