Familiaren baimenik gabe lurperatu dute Marokok hildako gazte sahararra

Polisarioarentzat, «amarru krudela» izan da familiari ezer esan gabe hilotza lurperatzea

2010eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Setio egoeran daude Agdaim Izik kanpalekuan. Marokoko Poliziak kaleak hartu dituenetik, Aaiunen ere ez da giro. Giza eskubideen aldeko ekintzaileak kezkatuta daude, baita Fronte Polisarioa ere, inguru haietan datozen egunetan zer gertatuko ote den. Horregatik, nazioarteari esku har dezan eskatu diote, hamaikagarrenez. Sahararren eskubideen alde egiteko duela bi astetik zutik den kanpalekua inguratu dute Marokoko soldaduek, eta hango bizilagunentzat jatekoa nahiz edatekoa daramaten ibilgailuei ere ez diete uzten hara sartzen. Horretan ari ziren igandean metrailatu zituzten sahararrak. Soldaduek gelditzeko eskatu zietenean jaramon egin ez zietelako, tiro egin zieten. Ondorioz, 14 urteko gazte saharar bat hil zen, eta beste bost zaurituta eraman zituzten ospitalera. Senitartekoei, baina, ez diete uzten haiek ikusten.

Ez diete, halaber, Elgarhi Naiem Foidal hildako sahararra lurperatzen utzi ere. Hala jakinarazi du Fronte Polisarioak. Marokok familiaren baimenik gabe eta sekretupean lurperatu zuen gorpua, atzo. Hilobiratu eta gero jakinarazi zieten senitartekoei ezingo ziotela hileta zeremoniarik egin. «Elgarhi Naiemen hilotza bahitu eta gauez lurperatu dute. Familiari ez diote utzi han egoten. Amari ez diote utzi semearen aurpegia azkeneko aldiz ikusten». Polisarioaren ustez,«amarru krudel» horrekin, Marokok hileta jendetsu bat izatea saihestu nahi izan du, baita hildakoren aldeko manifestazioa ere.

Nazioartearen kondena

Bestealde, Marokoko kamioi militar batek sahararrak zeramatzaten bi ibilgailu jo zituen herenegun; lekukoek aditzera eman dutenez, nahita. Ez zen inor hil, baina kolpeagatik hainbat bidaiari zauritu ziren.

Nazioartean hainbatek Marokoren erasoak gaitzetsi dituzte, hala nola Erresuma Batuko diputatu talde batek. Espainiak, berriz, gertatua ikertuko duela jakinarazi du. Bitartean, Marokok galarazi egin die Espainiako eta Kataluniako hainbat kazetariri kanpalekuan sartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.