KOLONBIAKO BAKE PROZESUA

FARC erabat armagabetu da

Nazio Batuen Erakundea gaur arratsaldean da jakinaraztekoa Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek beren esku zituzten arma guztiak eman dituztela. Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak esan duenez, NBEk baieztatzean FARCek arma guztiak eman dituela, "munduko gerrilla boteretsuenak eta zaharrenak existitzeari utziko dio".

NBEeko kideak, FARCek entregatutako arma batzuekin. EFE
2017ko ekainaren 23a
09:39
Entzun

Frantzian egin du iragarpena Santosek, foro ekonomiko batean: "Inbestitzaile asko ez ziren joaten Kolonbiara barne gatazka armatu bat zuelako".

Santosen esanetan, "gerraren kostua izugarria izan da. Zortzi milioi biktimari  lurrak kendu zizkieten, eta muturreko txirotasunean erori ziren. Pertsona horien produktibitatea %50 eta %80 artean murriztu zen". Gatazka amaituta, pertsona horiek "beren habitat naturalera" itzuliko direla esan du Santosek.

Faseka aritu dira FARCeko kideak armak entregatzen. Hilaren 8an iragarri zuten armen %30 NBEren Kolonbiarako Misioaren esku zeudela, eta, joan den astean, armen %60 eman zituzten. Ekainaren 27an ekitaldi bat egingo dute, eta Santosek gerrillarien buruzagi Rodrigo Londoño Timochenko-rekin bat egin dezake han. FARCek nahi du ekitaldia Mesetasen egitea, Metaren departamentuan, gerrillariek historikoki kontrolatu duten eremuan.

Irailaren 1a baino lehen, suntsituta behar lukete 949 zuloek. Iristeko oso leku zailetan daude horiek, oihanean, mendietan, minaz betetako lekuetan eta talde armatuak dauden guneetan —ELN gerrilla, besteak beste—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.