KOLONBIA

FARC jardun armatua uzteko prest dago, baina ez armak emateko

Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek azaldu dute "printzipio kontua" dela armak estatuari ez emateko erabakia.

2013ko ekainaren 28a
11:12
Entzun

Kolonbiako Gobernuarekin akordio politiko bat egiteko eta jardun armatua bertan behera uzteko prest daude Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak, baina ez dituzte armak emango. Hala jakinarazi du gaur Jorge Torres Victoria Pablo Catacumbo-k, FARCeko Mendebaldeko Blokeko komandanteak.

Torres Victoria FARCen eta gobernuaren arteko negoziazioetan parte hartzen ari da, Habanan. Azaldu duenez, arazoa ez dira armak, baizik eta armak hartzea eragiten duten baldintzak: "Altxamendu armatura jo genuen behartu egin gintuztelako; ez ziguten beste modurik utzi borroka politikorako, hil egin gintuzten".

"Gu makurtuta nahi bagaituzte, ez guri halakorik eskatu, baina bila dezakegu modua arma horiek gerran erabiliak izateari uzteko", gaineratu du. Halaber, Nelson Mandela Hego Afrikako presidente ohiak "ez zuen fusilik eman, ez eta IRAk ere", oroitarazi du.

Kolonbiako Gobernuak eta FARCek azaroaren 19an hasi zituzten bake negoziazioak, Habanan. Bake negoziazioak hasi eta sei hilabetera amaitu zuten agendako lehen eztabaida, maiatzaren 27an. Bost puntu ditu negoziazio agendak, eta ekainaren 10ean ekin zioten bigarrenari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.