FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrek zibilak bahitzeari utzi eta azken hamar bahitu askatuko dituela iragarri arren, dituzten bestelako ekintzekin jarraitzeko asmoa dutela argi erakutsi dute gerrillariek, iragarpena egin eta biharamunean bertan. Atzo Caldonoko Polizia eta militarren postuei gogor eraso zien taldeak, hainbat orduz, bonbak eta morteroak erabiliz. Hain justu, Jose Manuel Santosek atzo herrialdearen segurtasuna aztertzeko zeukan bilera lekutik 90 kilometrora baino ez. Presidenteak bilerarako behar zituen segurtasun neurriak postu horretatik bermatzekoa zen, besteak beste.
Carlos Pascue gobernuaren Caldonoko idazkariaren arabera, «oso gogorrak» izan dira atzoko erasoak. Etxetik egin zizkien adierazpenak, eta hainbat irratiri handik ezin zuela atera esan. «Zibilak arriskuan daude, gainera, postuak errepidetik oso gertu daudelako». Goizaldean hasi ziren ekintzok, eta atzo oraindik ez zuten gertatutakoaren berri gehiagorik ematerik izan.
Santosen gobernuak bahituak askatzeko exijentzia jarri izan du beti baldintza gisara, gerrillariekin negoziatzen hasteko; baina FARCek iragarri ostean, Santosek esan du «norabide zuzenean urrats garrantzitsua» dela; «ez da nahikoa», ordea.
«Beharrezko iragarpena»
Hainbat gizarte eragilek eta politikarik ere baloratu dute iragarpena. Ivan Cepeda CCP Kolonbiarrak Bakearen Alde taldeko ekintzaile eta legebiltzarreko ordezkariaren arabera, «oso garrantzitsua eta beharrezkoa da iragarpena, bakea lortzeko bidean aspaldian espero izan dugun urratsa». AI Amnesty International erakundeak ere «urrats itxaropentsua» deritzo, baina gobernuak bezala, hark ere gehiago eskatu dio taldeari: zibilez gain, «bahiketa guztiak amaitzeko» eskatu dio, baita «hilketekin eta giza eskubideen urraketa guztiak ere».
Pais Libre fundazioaren arabera, oraindik 405 zibil dituzte bahituta gerrillariek, eta talde «ezezagunena» dela dio bahitu zibilena. Kolonbian iaz egin zituzten 298 bahiketen %26 FARCi leporatzen dizkio gobernuak.
Dilma Rousseff presidenteak jakinarazi du, berriz, Brasilek «bere esku dagoen guztia» egingo duela azkenik bahitutako polizien eta militarren askatasuna errazteko.
FARCek bahitzeari utzi arren, bonbaz eraso die polizien postuei Kolonbian
Santos presidenteak Segurtasun Kontseiluko bilera duen lekutik gertu izan dira ekintzak, Caldonon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu