FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrak ziurtatu du bere gerrillari guztiak ari direla aldebakarreko su-etena segitzen. Kolonbiako bake prozesua dela eta, azaroaren 20tik urtarrilaren 20ra arteko su-etena iragarri zuen FARCek. Erakundeko talde negoziatzaileko kide Andres Paris-ek adierazi du Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea ari dela euren su-etena behatzen: "Eta betetzen ari garela ziurtatu du".
Armadako eta erakunde publiko batzuetako ordezkariek esan izan dute FARCeko kideek ekintza batzuk egin dituztela su-etena eman ondotik.
Kolonbiako Gobernuak eta FARCek azaroaren 19an hasi zituzten bake negoziazioak, Habanan. Joan den asteburuan, baina, Kolonbiako armadak dozenaka gerrillari hil zituen. Eta bart beste zazpi kide hil ditu, Guania eskualdean. Armadak adierazi du Gener Garcia Molina FARCeko narkotrafikatzailearen aurkako operazioa egin duela.
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak esan izan du gerrillarien kontrako jazarpenak ez duela etenik izango behin betiko bake akordioa egon arte.
ELNko buruetako Nicolas Rodriguez Bautista Gabino-k berretsi du haiek ere negoziazio prozesua hasteko prest daudela, Santos presidenteak bake prozesua hasteko galdegin ziola gogoraraztearekin bat.