Vera Grabe. Antropologoa eta politikaria

«FARCek diskurtsoa modernizatzea behar du Kolonbiak»

Graberen ustez, gerrilla ohiak «nekez» lortuko du aliantza zabal bat egitea «oligarkiaren aurkako diskurtso gogor batekin».

Jon Artano Izeta.
Bogota
2017ko irailaren 3a
00:00
Entzun

Vera Grabe Loewenherz (Bogota, 1951) antropologoa eta politikaria da, eta Bakerako Behatokia zuzentzen du 2000tik. M-19 gerrillaren sortzaileetako bat eta buruzagitza taldekoa izan zen, 1990ean desmobilizatu eta hauteskundeetan kongresukide aukeratu zuten arte. Badaki, beraz, zer den armak utzi, alderdi bat sortu eta politikan soilik jardutea.

Amaitu da FARCek alderdi politikoa sortzeko egindako kongresua. Zer iruditu zaizu?

Reality bat bezalakoa izan da: egunero atera dira albisteak handik. Bestalde, Bogotako erdigunea aukeratu dute, alderdi nagusiek eta unibertsitate handienek erabiltzen duten eraikin berean. Ez dute aliritzira hautatu gunea:1991ko batzar konstituziogilea ere han izan zen. Gainontzeko alderdiei dei egin diete, gainera; jaso duten erantzuna izan da arazoa: ia 30 presidentegai badira dagoeneko datorren urteko hauteskundeetarako, eta irekieran ez zen bakar bat ere agertu. Esan eta esan aritu dira FARC ezin dela ghetto bilakatu, baina gero, ai!, hauteskunde kalkuluekin itsututa daude denak… Tristea da, bakeak eskuzabaltasuna behar du eta.

Inork ez du nahi FARCekoekin argazkian atera….

…ba, hori pentsatuko dute, seguru asko. Ni harritu egin nau. Denak aritu zaizkie esan eta esan sisteman sartzeko, bakera ireki behar dutela eta antzeko leloekin. Baina garaia iritsi denean, kale egin diete. FARCek egin dezakeena gorabehera, galdera da: herrialdeak irekiko al die atea?

Ze etorkizun barrundatzen diozu FARC berri honi?

Inportanteena da erabaki bat hartu dutela. Urteetan mamitutako hausnarketa sakon baten emaitza da erabakia: gerra ez dago irabazterik, eta herria eraldatzeko ere ez du balio. Oinarri-oinarriko erabakia da, eta komeni da ez ahaztea. Taldeak hartuko duen formak eta diskurtsoak baldintzatuko du politikoki izango duten bilakaera. Herrialdeari aurrez aurre begiratu behar diote, eta gurea zatitutako herrialdea da. Proiektatzen duten irudia berreraiki behar dute, babesak lortu. Aliatuak nortzuk dituzten zehaztu beharra dute, zein mezu zabaldu nahi duten: diskurtso erradikala, konfrontaziokoa edo bateratzailea. Ildo horiek finkatzea funtsezkoa da, hautagaiak zeinahi direla ere.

Zuen desmobilizazioa eta politikarako jauzia ezberdina izan al zen?

Zeharo. Nik nortasun agiririk ere ez nuen armak utzi genituenean. 1990eko martxoaren 9a zen. Bi egun geroago, kongresurako hautatu ninduten, kanpainarik batere egin gabe; ez ninduen inortxok ezagutzen. Orduan, plazak jendez betetzen ziren gu ikusteko. Argazkiak atera nahi izaten zituzten gure ondoan, seme-alabei gure izenak jartzen zizkieten… Izango zen begien aurrean ikusi nahi ez gintuenik ere, jakina, baina, oro har, gizarteak atea ireki zigun. Kontuan izan behar da M19 mugimendukook oso planteamendu zabala egin genuela, hasieratik aldarrikatuz gurea alderdi politiko bat baino mugimendu zabalago bat zela, eta hor ere badago aldea, FARCek alderdi bat sortu baitu.

Zer izan behar luke kontuan talde armatu batek ohiko politikara pasatzean?

Diskurtsoa ondo zehaztu behar du, daukan kapital politikoa zuhurtziaz kudeatu, eta epe luzerako begirada eduki, hurrena izango diren hauteskundeekiko miopia saihestuz. Eta funtsezkoa da aliantzak egiten jakitea.

Halako dikotomia bat sumatu daiteke alderdi berrian: diskurtso propioak aukerak irekitzen dizkio etorkizunean; bestalde, iragana lasta du, eta jendearen ezinikusiaren iturri nagusia. Zer deritzozu?

Bien artean daude orain. Bakerako konpromisoa hartu dute, baina beren borroka goretsiz eta ibilbidearekiko zorra aitortuz. Haien sustraiak hor daude: baztertuek sortu zuten, baina beste sektoreetara ere ireki nahi dute, adiskidetze diskurtso batekin. Esku artean duten paradoxa handia da hori. Eta lortu dezaketenaren gakoa ere hor egon daiteke.

Zer lortuko dute datorren urteko hauteskundeetan?

Kristalezko bola behar nuke horri erantzuteko. Aurrena, ikusi egin beharko dugu ze aldetara lerratzen diren, norengana heldu nahi duten. Iritzi sektore zabalagoetara iritsi nahi baldin badute, diskurtsoa modulatu beharko dute. Gobernatzeko bakearen aldeko aliantza handi eta zabal bat dute helburu; bada, nekez lortuko dute hori oligarkiaren aurkako diskurtso gogor batekin.

Eta bakegintzari zer komeni zaio?

FARCek diskurtsoa modernizatzea. Hizkuntza modernizatzea, solemnitatea kentzea. Ez, noski, iragana ukatuz, baina mezu adostailea hartu behar lukete, demokratikoa, sinesgarria. Nik uste dut haiei komeni zaiela eta, batik bat, herriak behar duela. Kolonbiak lasaitzeko premia du; tolerantzia eta irekitasuna behar ditu.

FARCeko kideetatik nori sumatzen diozu talentua, gaia, politika berri horretarako?

Klasikoak baino ez dira bistaratzen. Eta horietatik Timoleon nabarmentzen da [Rodrigo Lodoño, Timochenko]. Gainera, gizon hori patxadatsua da besteen aldean, eta hori ere inportantea da. Prentsan leitutakoagatik, bi joera aritu dira kongresuan zeingehiagoka: Timoleon legoke batean, eta [Ivan] Marquez bestean. Balirudike batak herriari hitz egiten diola, eta besteak militantziari. Baina, tira, oinarrian jende gehiagok egon behar du, eta ona litzateke horiek azaltzea.

Eta panorama orokorrari begiratuz gero, zer nabarmenduko zenuke?

Oso nahasia dago giro politikoa. Presidentegai gehienak beren alderdietatik kanpo aurkeztuko dira. Atera kontuak zenbateraino dagoen lohituta alderdien irudia. Eta, gero, bistakoa da zenbaitek nahiago lukeela FARCekoek oihanean jarraituko balute gerran. Bakea nahi omen dute, baina erosoago zeuden FARC sistematik at zegoenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.