FARCek eta Santosek negoziaziorako bide orria hitzartu dute

Kolonbiako gerrillak «baikortasuna» agertu du, eta «esperantzarako atea» zabaldu dela gaineratu du

Erredakzioa
2012ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak prentsaurreko baten bitartez baieztatu du bake negoziazioak hasiko dituela FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrekin urriaren lehen hamabostaldian Norvegian. Azken sei hilabeteetan bi aldeen artean izandako elkarrizketa fasea amaitu dela jakinarazi du Santosek, eta bake negoziazioetarako bide orria adostu dutela. Bertan, elkarrizketen «xedea, agenda eta joko arauak» biltzen dira.

Bost dira agendako gaiak: nekazaritzaren garapena eta lurra eskuratzeko erraztasuna; oposizio politikoa egiteko aukera eta herritarren parte hartzea ziurtatzeko bermeak; gatazka armatuaren amaiera —armak uztea eta gerrillariak bizitza zibilera sartzea—; narkotrafikoaren arazoari konponbide bat bilatzea; eta biktimen eskubideak. Santosek gaineratu du Kuban eta Norvegian egingo dituztela elkarrizketak eta bi herrialdeak prozesuaren «berme» izango direla. Txilek eta Venezuelak, berriz, «lagundu» egingo dute prozesua. Gatazka armatua «behin betiko» amaitzeko aukera dela uste du Santosek. Hala ere, ohartarazi du oraingoz ez dela etengo FARCen kontrako presio militarra. Atzo bertan, gerrillaren kanpaleku bat bonbardatu zuen armadak herrialdearen iparraldean, eta «hainbat hildako» eragin.

«Herriak du bakearen giltza»

Santosen prentsaurrekoa baino ordubete geroago FARCeko sei kidek Habanan atzo baieztatu zuten negoziazioak hasiko dituztela Santosekin. «Bake demokratikoa eta zuzena lortzeko, erronkarik zailenak onartzea merezi du. Baikorrak gara», azaldu dute gerrillariek. Dena dela, nabarmendu dute bakearen giltza ez dagoela Santosen poltsikoan, Kolonbiako herritarren poltsikoan baizik. «Esperantzarako atea zabaldu da berriro».

Denen artean beste Kolonbia bat eratzea posible dela uste du FARCek, eta eskua luzatu die militarrei. «Etsai militar eta politiko gisa aitortuta bueltatu gara mahaira, nazioarteak lagunduta eta babestuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.