FARCek «gorrotorik eta harrokeriarik gabe» hasiko ditu bake elkarrizketak

'Bakearen aldeko bideoa'-n erakunde armatuak adierazi du Kolonbiako Gobernuak ez dituela «garaitu»

Nekane Zinkunegi Barandiaran.
2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarra «gorrotorik eta harrokeriarik gabe» joango da Kolonbiako Gobernuarekin negoziatzera, Rodrigo Londoño Timochenko erakunde armatuko buruak adierazi duenez. Iragan abuztuaren 27an baieztatu zuen Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak FARCekin harremanetan jarri zela «gatazka konpontzeko». Azaldu zuen Kuban izan zituela lehen kontaktuak erakunde armatuarekin eta urritik aurrera elkarrizketak abiaraziko dituztela Norvegian.

Santosek negoziazioen berri eman osteko lehen adierazpenak Bakearen aldeko bideoa deituriko ikus-entzuneko baten bidez egin ditu FARCek Interneteko bere gunean. Timochenko agertzen da, umiltasunez negoziatuko dutela esaten, eta, horrez gain, FARCeko gerrillariak ikus daitezke bideoan rap doinuko abesti bat kantatzen. Kantuz bada ere, Habanara beren nazioaren etorkizunaz «hitz egitera» joango direla adierazi dute. Horrez gain, salatu dute Santosek bakeaz gezurretan aritzea leporatu diola FARCi, eta nabarmendu dute Kolonbiako Gobernuak ez dituela «garaitu». Bestalde, Brasilgo Gobernua kritikatu du FARCek bideoan, Bogotari borrokarako hegazkinak salduta erakunde armatuaren aurka egiteko laguntza eman diolako.

Ikus-entzunezko horren berri eman baino lehenago, Santosek adierazi du «itxaropentsu» dagoela Kolonbiako herritarrei «hainbeste min» egin dien gatazkari amaiera emateko. Azaldu du «gerra guztiak elkarrizketa bidez amaitzen direlako» onartu duela FARCekin negoziatzea, eta nabarmendu du ez duela «iraganeko hutsik errepikatu nahi».

Kontaktuen nondik norakoak

Erakunde armatuaren eta gobernuaren arteko harremanen berri ematean adierazpen mugatuak egin bazituen ere, Santosek aste honetan azalduko ditu negoziazioen inguruko xehetasunak. Hala ere, El Tiempo egunkariak aurre hartu dio, eta jakinarazi du 2010eko abuztuan ekin ziola presidenteak FARCekin negoziatzeko prozesua prestatzeari, kargura heldu eta hiru hilabete geroago, alegia. Kazetaren arabera, Cauca eskualdeko enpresari bati erakunde armatuarekiko bitartekaritza egiteko eskatu zion, enpresari horrek FARCeko kide bat ezagutu zuelako gaztetan.

Santosen agintaldian Victor Julio Suarez eta Guillermo Leon Saenz FARCeko kideak hil zituen Kolonbiako Poliziak, baina El Tiempo-k argitaratutakoaren arabera, gobernuaren eta erakunde armatuaren arteko kontaktua ez zen eten. Bi aldeek baliatu dituzte bitartekariak harremanetan egoteko, eta Timochenkok Fidel Castro Kubako presidente ohiak igorritako mandatari baten bidez helarazi zion Kolonbiako Gobernuari bakearen aldeko «erabaki atzeraezina» hartu zuela.

Hala, aurtengo urte hasieran bildu ziren lehen aldiz gobernuko eta erakunde armatuko ordezkariak, Kolonbiako Cesar eskualdean. Ondoren, Hugo Chavez Venezuelako presidenteak antolatu zien bigarren batzarra, Barinas hirian, eta hor hasi ziren bi aldeak elkarrizketak non egingo zituzten erabakitzen. FARCek Kolonbian edo Venezuelan izatea nahi bazuen ere, gobernuak Europaren aldeko apustua egin zuen, eta Norvegia proposatu zuen. Azkenik, otsailean adostu zuten Kuban bilduko zirela eta Oslok bere gain hartuko zituela prozesuak eragindako gastuak. El Tiemporen arabera, Habanan lehendabizikoz bildu eta gero hamar bat aldiz elkartu dira FARC eta Bogota elkarrizketak jakinarazi arte, eta urrian hasiko duten negoziazio prozesuko agenda adostu dute batzar horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.