Uztailaren 20tik abuztuaren 20ra arteko su-etena iragarri du FARCek. Habanan egin du iragarpena Luciano Marin Arango FARCeko liderrak. Bake prozesuan berme eta laguntzaile rola jokatzen duten herrialdeek eskatuta hartuko dute neurri hori, gatazkaren intentsitatea murriztu eta negoziazioei ekiteko.
Izan ere, duela bi urte eta erdi Habanan Kolonbiako Gobernuak eta FARCek hasi zituzten harremanak nahiko gaiztotuta daude. Joan den maiatzaren 22an FARCek menia eten zuelarik, ofentsiba gogorra abiatu zuen Kolonbiako armadaren kontra.
Gobernuak gerrillaren kanpalekuen aurkako bonbardaketei ekin zien berriro apirilean, eta kolokan utzi zuen Kolonbiako gerrillak Habanako bake elkarrizketak indartzeko egindako urratsa. Maiatzaren 21ean 26 gerrillari hil zituen armadak, Cauca departamentuko kanpaleku bat bonbardatzean. Juan Manuel Santos presidenteak iragarri zuen bonbardaketak ez direla etengo nahiz eta Habanako prozesuak aurrera jarraitu.