Kolonbia. Bake elkarrizketak

FARCekin harremanetan dagoela aitortu du Santosek

Gobernuaren eskaerak betetzeko baldintza jarri eta elkarrizketetara batzeko deia egin dio Kolonbiako presidenteak ELNri ereUribe presidente ohiak adierazi du bakea ez dela lortzen «terroristekin» negoziatuz

2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak luzaroago isildu ezin zituen zurrumurruak baieztatu ditu azkenean: FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrekin harremanetan jarri da, 50 urte baino gehiago iraun duen gatazka konpontzeko. «Esploratzeko elkarrizketak» egin dituztela azaldu du Santosek, eta bere agintaldiaren lehen egunetik bakea lortzen saiatzeko betebeharrari erantzun diola gaineratu du. Ustez Kuban bake prozesu bat martxan jartzeko erakunde armatuarekin sinatutako itunaz, ordea, ez du ezertxo ere esan. Era berean, herritarrei lasai egoteko eskatu die, bere gobernuak zuhurtziaz, seriotasunez eta irmoki jokatu duela nabarmenduz, «betiere herritarren ongizatean eta lasaitasunean pentsatuz».

FARCek duela urtebete eman zuen bakerako lehen pausoa. Gatazka negoziazioaren bidetik konpontzeko unea iritsi zela esan zuen Alfonso Canok, erakundeko orduko buruzagiak —armadak iazko azaroan hil zuen—. «Elkarrizketa da bidea», adierazi zuen hedabideetan zabaldu zuten bideo batean, eta Santosi bakerako urratsak egiteko eskaera egin zion. Hain justu, Santosek presidentetzara ailegatu berritan gorrotoa albo batera utzi eta bake prozesu bat martxan jarriko zuela hitzeman zuen, baina negoziaketak abiarazteko armak entregatzeko baldintza ezarri zion erakundeari, besteak beste. Orain elkarrizketetarako prest dagoela adierazi du, baina hiru printzipio ezarri ditu horretarako. Lehenik eta behin, iraganeko akatsetatik ikasi behar dutela nabarmendu du, berriro ere ez gertatzeko. Bigarrenik, prozesuak gatazkaren konponbidea ekarri behar duela esan du, eta ez haren luzapena. Eta, azkenik, armadak «nazioaren zentimetro bakoitzean» erakunde armatuen aurkako operazioei eutsiko diela esan du.

Era horretan argi utzi nahi izan du ez duela 1999an Andres Pastrana presidenteak bultzatutako bake prozesuan bezala gerrillarientzako eremu segururik onartuko. Orduan, 42.000 kilometro karratuko eremua utzi zien FARCeko kideei gobernuarekin harremanetan jarri ahal izateko. Negoziazioen aurkariek, baina, Pastranari kritikatu zioten 2002an bake prozesua hautsi zenean erakundea inoiz baino indartsuago zegoela. Gobernuak eskainitako militarizatu gabeko eremua indarrak hartzeko erabili zutela argudiatu zuten.

ELN Nazioa Askatzeko Armadari ere gatazka konpontzeko elkarrizketetan ongi etorria izango dela esan dio presidenteak. Bake prozesuan parte hartzeko, baina,hiru premisa horiek onartzeko baldintza ezarri dio. Erakundeak «elkarrizketa serio, arduratsu eta adeitsuetan» parte hartzeko nahia berretsi du, «tranparik gabe». Herenegun, hain zuzen ere, Santosi negoziatzeko borondaterik ez izatea leporatu zion. «Guk irekita dauzkagu ateak. Horixe da, hain justu, gure proposamena, baldintzarik gabeko elkarrizketetarako espazioa aurkitzea, herrialdeko arazo handiez eztabaidatzeko». Dena den, bake prozesua martxan jarri arte «erasoekin, bahiketekin eta estortsioarekin» jarraitzeko mehatxua egin zuen ELNko komandante Nicolas Rodriguezek, Gabino-k.

Bestalde, presidenteak jakinarazi du «ondorengo egunetan» emango duela FARCekin izan dituen harremanen emaitzen berri. Gobernuko iturriak aipatuta, Venezuelako Telesur telebista kateak dio urriaren 5ean egingo dutela lehen bilera, Norvegiako hiriburuan, eta gero Kuban jarraituko dutela negoziatzen. Izan ere, ustez maiatzean hasi zituzten harremanetan Norvegia, Kuba eta Venezuela izan dituzte gidari.

Negoziazioaren edukia

Santosek ez du aurreratu nahi izan elkarrizketen edukia, eta ez du argitu zeintzuk izan diren gobernuak eta FARCek mahai gainean jarri dituzten eskariak. Erakundearen proiektu politikoa ahalbidetzea izango da ziurrenera FARCek Santosen gobernuari egingo dizkion eskarietako bat, Arco Iris ikerketa politikoen Kolonbiako zentroaren esanetan. Horrez gain, gerrillarien delituak barkatzea eta buruzagien estradizioak gelditzea exijituko dutela nabarmendu dute adituek.

Gobernuaren eskarietako bat, berriz, FARCek bere esku dituen lurrak itzultzea izango da, adituen hitzetan, eta prozesuak irauten duen bitartean ekintza armaturik ez egitea beste bat. Horixe izan da, hain justu, NBE Nazio Batuen Erakundeak egin duen gomendioa. «Gure mundu mailako esperientziak erakutsi digu bake prozesuek emaitza hobeak ekartzen dituztela zirikatzen ez denean. Bestela, arazoak egongo dira», ohartarazi du NBEko Kolonbiako mandatari Tod Howlandek. Biktimen kalte-ordainen inguruan negoziatzeko eta gertakariak argitzeko gomendioa ere egin die bi aldeei, mende erdia baino gehiago iraun duen gatazka dela gogorarazi ondoren.

Erakundea bake prozesuan laguntzeko prest dagoela azaldu du Howlandek. «Nazio Batuen Erakundea beti dago prest edozein bake prozesutan laguntzeko. Giza eskubideen egoera hobetzeko gaude hemen», gaineratu du.

Borroka militarra txalotuz

FARCekin harremanetan dagoela aitortu eta ordu gutxira erakundearen aurkako estrategia militarra goraipatu du Santosek. Agintera iritsi zenetik armadak Alfonso Cano FARCeko buruzagia eta Victor Julio Suarez Mono Jojoy erakundeko buruzagi militarra hil dituela gogorarazi du. 2010eko abuztutik, presidente izendatu zutenetik, erakundeko hemezortzi gerrillari pisutsu ere hil dituztela gaineratu du. «Hau iraganean egin dena baino askoz ere gehiago da», azaldu du, harrotasunez.

Alvaro Uribe presidente ohia eta haren jarraitzaile ugariei arrazoia kentzen ahalegindu da Santos —FARCekin elkarrizketak hastearen aurka dago Uribe—. Baina presidentearen hitzek Uriberen haserrea handitu besterik ez dute egin. Izan ere, suminduta hartu du honek negoziazioen iragarpena. Duela astebete, hain justu, Uribe izan zen Kubako elkarrizketen zurrumurruak astindu zituena, eta Santosi FARCekin harremanetan zegoela ukatzeko erronka bota zion. Gobernuak, orduan, presidente ohiak esandakoa gezurtatu eta «errespetu falta» egotzi zion mandatari ohiari. Atzo, berriz, haserre bizian, Santosen gobernuak «terroristekin hitz egiteko» herritarrekiko harremanak hautsi dituela adierazi zuen.

«Gure gobernuak zerbait garrantzitsua lortu bazuen, terrorismoari aurre egitea eta herritarrekin hitz egitea izan zen, demokrazia parte hartzailearekiko errespetu handiz», adierazi du Uribek. Hain justu, Santosen aurrekoak ekintza militarrak indartuz egin nahi izan zion aurre FARCi, eta estrategia horretan lagundu zion agintaldiaren azken hiru urteetan Santosek berak, Defentsa ministro izan baitzen. Presidentetzan haren lekukoa hartu ondoren, baina, bi mandatarien harreman idilikoa hautsi egin zen, Santosek bake prozesu bat abiaraztea hitzeman zuenean. Izan ere, Uribe kexu da bere ideiek Santosi boterera iristen lagundu ziotelako, baina orain horietatik aldendu dela salatu du.

Gainera, presidente ohiak esan du elkarrizketak Hugo Chavez berriro Venezuelako presidente hautatzen lagunduko duela. Elkarrizketaren bidetik gobernuak erakunde armatuaren ekintzarako ahalmena handitu duela ere salatu du, eta gaineratu du bakea ez dela lortzen «terroristekin negoziatuz».

Nazioartearen babes eske

Piedad Cordoba senatari ohiak zuzentzen duen elkarteak, CCP Bakearen Aldeko Kolonbiarrak elkarteak, «bake prozesu iraunkor bat eraikitzeko aukera» babes dezatela eskatu die AEBei, EB Europako Batasunari eta Unasur Hego Amerikako Nazioen Batasunari. Giza eskubideen defendatzaileen lana emaitzak izaten hasi dela adierazi du CCPk, eta gatazkari irtenbide politikoa emateko alde guztien borondatea txalotu du. «Gatazka armatu luze hau eragin duten arrazoi estrukturalak lantzea eskatzen dugu».

Washingtonek, Catherine Ashton EBko diplomazia buruak eta Jose Miguel Insulza AEE Amerikako Estatuen Erakundeko idazkari nagusiak elkarrizketetarako borondatea txalotu dituzte. «Iragarpen baikor hau Kolonbiako gatazkaren amaieraren hasiera izatea espero dut», adierazi du Ashtonek, eta gaineratu du bake iraunkorra elkarrizketaren bidetik bakarrik lortu daitekeela. Insulzak, berriz, edozertan laguntzeko prest dagoela jakinarazi dio Santosi, eta honek agertu duen zuhurtzia goraipatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.