FARCeko burua hil ostean, neurri bereziak hartu dituzte Kolonbian

Gerrillariek aditzera eman dute borrokan jarraituko dutela eta ez dituztela baztertuko ekintza armatuak

Erredakzioa
2011ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileek argi utzi duteorain arteko jarraibide militarrarekin aurrera egingo dutela, beren buru Guillermo Saenz Alfonso Cano iragan ostiralean Kolonbiako armadaren eraso batean hil ondoren ere. «Kolonbiako bakea ez da gerrillak mobilizazioak alde batera utzitakoan lortuko; horretarako ezinbestekoa izango da gure matxinada eragin duten arrazoiak deuseztea», azaldu du FARCeko buruzagitzak gerrillaren webgunean. Cano 2008an ezarri zuten talde armatuko buru, Pedro Antonio Marin FARCen sortzailea eta ordura arte burua — Tirofijo ezizenez ezaguna — , 80 urterekin eta bihotzeko arazoen ondorioz hil ostean. Horregatik, oraingoan ere burua ordeztu eta ekintza armatuekin aurrera jarraituko dutela aditzera eman dute. Kolonbiako Gobernuak, bere aldetik, neurri bereziak ezarri ditu Caucako eremuan, Cano hil zuten eta gerrillariek ia kontrolpean duten inguruan, hain zuzen; FARCen mendekuaren beldur da gobernua bertan.

Cano hil zenetik lehen erasoak egin ditu gerrillak: bata Jambalon, Cauca ipar-ekialdean, eta bestea Piendamon, eskualde beraren ipar-erdialdean. Lehenengoan polizia bat eta hiru zibil hil ziren bonba auto batek ospitaletik eta polizia etxetik gertu eztanda egin ostean. Piedamon, halaber, pertsona bat hil eta hemezortzi zauritu ziren kamio txiki baten leherketaren eraginez. Horren ondorioz udalerrietako buru oro babesteko neurriak hartu dituztela jakinarazi du Alvaro Grijalva Gobernu Departamenduko bozeramaileak : «24 orduko kontrol zorrotza ezarri da Cauca osoan, bereziki hiriguneen kanpoko eremuetan; izan ere, bertan milizianoen presentzia nabarmenagoa da: droga negozioak dituzte, estortsioa egiten dute, eta gazteak eta gizon-emakume helduak biltzen dituzte gerrilletarako». Aire bidezko patruilak ere martxan jarri dituztela gogorarazi du. Gerrillariek, dena den,«herriak borrokan» segiko duela esan dute: «Beste buru bat jarriko dugu, eta aurrera egin; ez gara belauniko biziko».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.