Edwin de Jesus Carrascal tiroz hil zuten atzo gauean San Antonioko bere etxean. FARC Herriaren Indar Alternatibo Iraultzaileak jakinarazi duenez, bi pertsonak, atea jo, eta tiroz hil zuten gerrillari ohia. «Hemen botoak erosten dira, eta oposizioko kideak jazarriak eta hilak dira, eta ez da ezer gertatzen», salatu du alderdiak eta eskatu dio Ivan Duque presidenteari amai dezala «garbiketa».
Astebetean hiltzen duten FARCeko bigarren gerrillari ohia da Carrascal. Joan den astean, Astrid Conde hil zuten, bere etxe atarian, El Tindal herrian. Tiroz hura ere. FARCek berak joan zen astean salatu zuen, hain zuzen, 188 gerrillari ohi hil dituztela 2016an Kolonbiako Gobernuak eta gerrillak bake akordioa sinatu zutenetik. Horiez gain, NBE Nazio Batuen Erakundeak jasotako datuen arabera, 303 gizarte eragile hil zituzten iaz.
NBEk urte hasieran ohartarazi zuen Kolonbian gora egin zutela Kolonbian FARCeko kide ohien eta gizarte eragileen aurkako erasoek. Erakundeak nabarmendu du nekazaritza eremuetan izan direla hilketa gehienak, eta Kolonbiako Gobernuari eskatu dio har ditzala neurriak giza eskubideen urraketak geldiarazteko.