Kolonbiako gatazkari irtenbidea emateko asmoz azaroan abiatu zituzten bake negoziazioak, FARCeko gerrillariek eta gobernuak, eta hitzartu zituzten sei puntu garrantzitsuetatik bigarrenaren gainean negoziatzen ari dira joan den asteaz geroztik Habanan. Behin bake akordioa hitzartuta, gerrillariak bizitza politikora bideratzeko moduez eztabaidatzen ari dira.
Paraleloki, Bogotan, izaera juridikoa duten Kolonbiako hamabi alderdi politiko eta hemezortzi mugimendu sozialetako ordezkariak eztabaidatzen ari dira gai horren beraren inguruan. 1.200 pertsona baino gehiago taldetan banatuta ariko dira bihar arte, eta han ateratako ondorioen berri izango dute Habanako negoziatzaileek, maiatzaren 28an. Lurraz, agendako lehen puntuaz, eztabaidatu zutenean bezalaxe, Haiek politikan aritzeko negoziazioetan aurrera urratsak nahi dituzte parte hartzaileek. eta espero dute Kolonbiako eragileen ekarpena aintzat hartzea Habanako mahaiak.
Gerrillarien parte hartze politikoa ziurtatzeko baldintzez eztabaidatzen ari dira. Oro har, bakerako demokraziak euskarri ezinbestekoa izan behar du, instituzio publikoetan herritarren parte hartzea ziurtatu behar da, eta oposizio politikoa egiteko estatutuak egin behar dira, oposizioko alderdi berrien segurtasuna bermatzeko. Sistema demokratiko "irekiagoa" behar da, Piedad Cordoba senatari ohiak azaldu duenez. Cordoba inhabilitatuta dago, ustez FARCekin dituen loturengatik. Bera izan da gerrillariek bahituta izan dituzten askoren askatasuna bideratzeko bitartekari aritu dena. Haren ustez, ezkerraren "deuseztatzea" gertatu da Kolonbiako politikan, eta "pentsamendu ezberdina ez macartizatzea" lortu behar da.
Cordobak Batasun Patriotikoko alderdian batu ziren gerrillariak aipatu ditu, errepikatu ezin den gertaera gogoratuz. Belisario Betancur presidentearen (1982-1986) eta FARCen arteko negoziazioen ondoren hil zituzten 4.000 bat gerrillari. Egungo egoera ere mintzagai izan du, "botereak oposizioa politikoki hiltzen" duela esanez.
Cordobak bezala, gainerako parte hartzaile askok ere, bake prozesuaren gaineko kezkak izan arren, espero dute forotik proposamen "oso interesgarriak" ateratzea negoziazioetan aurrera egiteko.