FARCen bahituak jasotzeko erreskate operazioa hasi dute

Segurtasun arrazoiengatik, gauez hiru bahituen erreskatearekin ez jarraitzea erabaki dute

2007ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
«Ez dago eperik. Esku artean dugun informazioan eta nire intuizioan oinarrituz, bahituak azkar erreskatatuko ditugula esan nezake. Hala izatea nahiko nuke, eta fedea dut gauzak hala izago direla». Hugo Chavez Venezuelako presidenteak atzo egindako adierazpenak dira horiek. FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarreko gerrillariek bahitutako hiru lagun herenegun jasoko zituztela ziurtatu zuen Chavezek, Kolonbiaren baimena jaso ondoren. Atzo arte atzeratu zuten erreskate operazioa, gero. «Ezingo da gaur egin», adierazi zuen, azkenean, CICR Nazioarteko Gurutze Gorriko Batzordeak, atzo iluntzean. Gurutze Gorriko helikoptero bik Venezuelako Villacencio aireportuan dira dagoeneko, ordea. Erreskate operazioa hasi dute, beraz.

Barbara Hinterman CICRek Kolonbian duen zuzendariak gauez erreskate operazioko bigarren urratsarekin hasteari uko egin zion: «CICRek ez ditu gauez halako operazioak egiten, segurtasun arrazoiak tarteko». Halaber, Gurutze Gorriko ordezkariak iragan irailean FARCen eskutan zeuden 11 diputaturen gorpuak aurkitzeko egindako operazioarekin alderatu du hasi berri dutena.

Venezuelatik Kolonbiako Villacencio aireportura bi helikopterok bidaiatu zuten. «Bigarren urrats batean, helikopteroek gerrillariak aurkitu beharko dituzte Kolonbiako lurretan». Alabaina, bigarren urratsari ekiteko goizaldera arte itxarotea erabaki zuten.

Luis Carlos Restrepo Kolonbiako Bakerako goi komisarioak egindako adierazpenen arabera, erreskateaz arduratuko diren Gurutze Gorriko airezkoek Villacencion pasako dute gaua, ordutegi eta segurtasun arrazoiengatik.



CHAVEZ FEDEDUN.«Datozen orduetan erreskatatu eta salbatuko ditugula espero dut», azaldu zuen, bere aldetik, Hugo Chavezek. Halaber, Santo Domingo aireportutik Villacenciora joango den lehen delegazioarekin batera bidaiatzeko prest agertu zen. «Halakoetan pazientziaz jokatu behar da. Urrats seguruak egin behar dira, pausoz pauso aurrera egin, ezerk huts egin ez dezan».

«Fedea dugu, bi dama hauek eta Emmanuelito bera urte berriari hasiera eman eta zaharra atzean utziko duten 12 kanpaikadak entzun aurretik gure artean izango ditugula». Chavezek berak eta Piedad Cordoba Kolonbiako oposizioko senatariak hiru hilabetez Gobernuaren eta gerrillarien arteko negoziazio lanak «ordaindu» nahi izan dituzte hiru bahituak askatuz FARCekoek.

Hala, Clara Rojas Kolonbiako presidenteordetzara aurkeztutako hautagaia, bere seme Emmanuel -gatibu jaio zen- eta Consuelo Gonzalez Kolonbiako legebiltzarkidea jasoko dituzte datozen orduetan .



ERRESKATE OPERAZIOA. Gurutze Gorriko zeinuarekin Venezuelako hiru hegazkinek eta bi helikopterok, eta Argentinako beste hegazkin batek Venezuelatik Kolonbiako Villacencio aireportura bidaiatzea dute asmo. Handik, Kolonbiako Amazoniarantz hegaldatuko dute helikopteroz, FARCek helaraziko dizkien koordenen noranzkoan. Erreskatearen bermatzaile arituko dira, besteak beste, Boliviako, Brasilgo, Ekuadorko, Frantziako, Kolonbiako eta Suediako ordezkariak.

Erreskate operazioa segurtasun neurri zorrotzekin hasi dute, eta noiz bukatu ahalko duten argitzeko datu zehatzik ez badago ere, Villacencio aireportutik Amazoniarantz laster abiatuko direla uste da. «Oraindik ez dugu bigarren urratsaren gainean inolako erabakirik hartu», zehaztu du Restrepok. Besteak beste, helikopteroek bahituak jaso eta Villacencion lurreratu ordez, Venezuelara joango diren ere oraindik ez dutela erabaki azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.