Kolonbiako bake negoziazioak

FARCen eta Kolonbiako Gobernuaren arteko negoziazioak atzeratu egin dira

Eguraldiaren ondorioz, negoziatzaileek bidaiatzeko arazoak izan dituzte, eta, horrez gain, Bogotak ez du ontzat jo gerrillariek Tanja Nijmeijer kidea azken unean batu nahi izana mahaira. Oztopoak oztopo, negoziazioen berri emateko etziko aurreikusi zuten prentsaurrekoa egingo dela berretsi du Norvegiak.

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko urriaren 15a
17:23
Entzun

Gaur ziren hastekoak FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarretako ordezkariak eta Kolonbiako Gobernua bake negioziazioak Oslon, baina ziurrenera etzi arte atzeratuko dituzte bi arrazoi nagusiren ondorioz, Kolonbiako komunikabideek gobernuaren iturriak aipatuz esan dutenez: batetik, gerrillarien kide guztiak ez dira Habanara iritsi, Luciano Marin Arango Ivan Marquez falta da, hain justu gerrillari negoziatzaileen burua, eta bestetik, Tanja Nijmeijer taldera batzeko gerrillariek azken unean hartutako erabakia ez zaio Kolonbiako Gobernuari gustatu, eta hori argitu arte ez dira eseriko.

Eguraldia gorabehera, ordea, FARCekoen bidaiatzeko baimenarekin zer gertatu den ere ez dago argi, haien segurtasuna ziurtatzeko tramite guztiak egin diren. Joan den astean Juan Manuel Santos presidenteak Fiskaltzaren esku utzi zituen negoziazioetan parte hartuko duten gerrillarien izenak, atxilo ez ditzan, eta Fiskaltzak Kolonbiako auzitegiei agindu zien haien kontrako prozesurik zabal ez dezaten, baina iragarpen ofizialik ez dago hartu dituzten erabakiei buruz. Kolonbiako indarrez gain, Interpolek ere esan zuen bertan behera utzi dituela haien atxilotzeko aginduak. Denera, 30 kideri ziurtatu diete ez dituztela atxilotuko.

Tanja Nijmeijer Alexandra da hizketan hasteko beste oztopo bat, gobernuaren aldeko ordezkarien artean ustez tentsioak sortu izanaren arrazoia, Kolonbiako komunikabideen arabera. Nijmeijer azken unean negoziazio taldean sartzea erabaki dute gerrillariek, eta gobernuari ez zaio bidezkoa iruditu ez delako kolonbiarra. Herbeherearra bada ere, gerrillariek arrazoitu dute hamar urtean izan dela FARCeko kide. Horiek denak, dena den, komunikabideek aipatu dituzte, ez zuzeneko iturriek.

Behin bi aldeak eserita prentsaurreko bat ere iragarri zuen Norvegiako Gobernuak etziko, eta oztopoak oztopo negoziazioen berri iragarri bezala emango dutela esan du Veslemoy Lothe Salvesen Atzerri Ministerioko bozeramaileak: "Ez dago atzerapenik oraingoz".
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.