Salam Fayyad PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministroak ezohikoa duen tonua erabili du Talat Ramia gaztearen hilketaren harira ateratako komunikatuan. Nazioarteari haren hilketan «parte hartzea» leporatu dio, Israelek erabiltzen duen indarkeriaren aurka ezer egiten ez duelako: «Nazioarteko komunitatearen isiltasunak eta Israel geldiarazteko ahalegin eskasek lagundu dute krimen hau egiten, eta gure jendea gehiago hondoratzen». Talat Ramia gaztea Israelgo soldadu batek larri zauritu zuen Al-Rameko protesta batean, eta gutxira ospitalean hil zen, herenegun. Atzo, haren hiletaren ostean, berriz, aurrez aurrekoak izan ziren palestinarren eta soldadu israeldarren artean, Ramallahen, eta bederatzi palestinar zauritu zituzten. Jerusalemgo Meskiten Zelaian, islamaren tenplu sakratuenetakoan, polizia israeldarrak bezperan sartu eta negar gasak jaurti ondoren giroa gaiztotuta dago Zisjordanian.
Zayyadek Laukotearen kontra egin izanak harridura eragin du, Nazio Batuen Erakundeak,AEBek, Europako Batasunak eta Errusiak gogoko baitute Fayyad, baita Israelek ere, eta, hain zuzen, Hamasek eta Al-Fatahek eratu nahi duten batasun nazionaleko gobernuan oztopo nagusietako bat izan da Fayyad lehen ministro jarri nahi izatea Mahmud Abbas PANeko presidenteak. Ez du, ordea, Hamasen konfiantzarik, eta atzera egin zuten horregatik.
Batasun nazionala
Bien bitartean, eta batasun nazionaleko gobernuaren iragarpena bi edo hiru aste atzera daitekeela jakinaren gainean utzita, batasun horren protagonista nagusiak, Al-Fatah eta Hamas, elkarri leporatzen diote atzerapena. Hamasen teilatuan jarri dute Al-Fatahekoek orain arte erantzukizuna, Gazako errolda egiten utzi nahi ez dutela eta. Atzo, berriz, Hamasek argi utzi nahi izan zuen Abbasek berak eskatu diola Maxali prozesua atzeratzea, adiskidetzeko itunaren «printzipio batzuk» abian jarri arte, Salah al-Bardawil Hamaseko buruzagiaren arabera.
Fayyadek palestinar baten hilketan «parte hartzea» egotzi dio nazioarteari
PANeko lehen ministroak Israelen indarkeriaren inguruan isilik geratzea leporatu dio Laukoteari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu