Federalismoaren hamaika irakurketa

Sunitek historikoki zentralismoaren alde egin duten arren, babes neurritzat jotzen hasi dira orain autonomia

Gizon turkomano bat, euren banderaren ondoan, Kirkuken. KARLOS ZURUTUZA.
Bagdad
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Irakeko 2005eko konstituzio berriak «estatu federaltzat» jotzen du herrialdea, kurduen autonomia maila handia onartzen duelarik. Hein batean, mendeetako nahia dago horren atzean; estaturik inoiz izan ez duen munduko herri handienarena, alegia. Arabiarren belarrietan, baina, federalismo hitzak haustura baino ez du iradokitzen.

Sunitek historikoki zentralismoaren aldeko apustua egin duten arren, xiitek kontrolpean duten Iraken eskualde federalaren ideiak indarra irabazi du haienean azken bi urteotan. Askok diote modu bakarra izan daitekeela eskualde autonomo bat izatea gobernutik egun datorkien errepresioa eta bazterketa saihesteko. Edonola ere, oinarrizko hainbat galdera erantzuteko daude oraindik: zenbaterainoko autonomiaz ari dira? Irakek herrialde gisa funtziona lezake sunitek kurduen ereduari jarraitzekotan?

Suniten artean ez ezik, hegoaldeko eskualde xiitetan ere zabaldu berri da deszentralizazio kontzeptua. Basora eskualdeak ere, herrialdeko petrolio erreserba handienak dituen eskualdeak hainbat mugimendu egin ditu autonomia lortzeko. 2008an, bertako agintariek —Nuri al-Malikiren alderdi berekoek— erreferendum bat egiteko saioa egin zuten, eta beste bat 2011ko uztailean. Ildo berean, Irak erdialdeko Najaf eta Kerbalako probintziek federalismoaren aldeko keinuak ere egin dituzte. Bi hiri santuok, hain justu, xiita erromesen jomuga dira urte osoan, eta erraldoiak ei dira turismo erlijiosoak bertan uzten dituen etekinak.

Gobernuaren oztopoak

Oraingoz, Nuri al-Malikiren gobernuak Basora, Najaf eta Kerbalako probintzietan erreferendumak egiteko ahalegin oro zapuztea lortu du. Diruak eta errekurtso ugariek ez, baina babesaren beharrak bultzatu ditu Irakeko kristauek ere euren eskualde autonomoa eskatzera. Azken urteotan muturreko islamisten biktima errazak izan direnek Nineveh probintziako eremu baterako autonomia nahi dute. Baina denak ez datoz bat, eta hainbatek salatu dute ekinaldiok «ghetto» bati bide emango lioketela.

Historikoki gehiengo kurdua izan arren, Kirkukeko eskualdearen estatusa definitzeko dago oraindik. Arabiarrak eta kurduak ez ezik, Irakeko turkomanoen kontzentraziorik handiena ere hartzen du Kirkukek, egoera beste eskualdeetan baino konplexuagoa delarik bertan. Balizko erreferendumean, ziurrenik hiru aukeraren artean erabakiko lukete kirkuktarrek: Bagdaden kontrolpean jarraitu, Kurdistango Eskualde Autonomoan integratu edo Kirkuk eskualde autonomo independente gisa eratu.

Era guztietako egitasmo federalak ugaldu arren, gutxik uste dute eskualde autonomorik sortuko denik Iraken epe laburrean. Erroldak burutzeko zailtasunak eta herrialdeak egun jasaten duen krisi politikoa dira gaur egun, besteak beste, herrialdea berregituratzeko bi oztopo nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.