GALIZIA

Feijook urriaren 21era aurreratu ditu Galiziako Xuntarako bozak

Galiziako Xuntarako hauteskundeak Eusko Legebiltzarrerako bozak egingo diren egun berera aurreratu ditu Alberto Nuñez Feijoo presidenteak. Martxoan ziren egitekoak. Feijook adierazi duenez, epe laburrean bi hauteskunde izateak PPn sor zezakeen "ezinegona baretzeko asmoz" aurreratu ditu bozak. 

2012ko abuztuaren 27a
16:12
Entzun

Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Xuntako presidenteak parlamenturako hauteskundeak urriaren 21era aurreratuko dituela iragarri die bere gobernukideei, gaur goizean. Hala, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen egun berean egingo dira bozak Galizian, 2009an gertatu bezala. Orduan gehiengo osoa eskuratu zuen PPk Galiziako hauteskundeetan. Berez, martxoan ziren bozak egitekoak.

Feijook esan duenez, Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidentearekin hitzartu du hauteskundeak aurreratzeko erabakia. Feijook adierazi duenez, PPk ez dio Espainiako Gobernuaren egungo egoerari tentsio politiko gehiagorik erantsi nahi, eta, horregatik, EAEko hauteskundeak aurreratuko zirela jakin zutenean, Galiziakoak ere egun horretan jartzea erabaki zuten, "ezinegona baretzeko". "Alderdiarentzat gogorra zatekeen 130 egunen buruan bi hauteskunde izatea", esan du Feijook.

Espero zen erabaki hori hartzea; izan ere, presidenteak hainbat bilera egin ditu alderdikideekin azken astean. Hala, erabakia legeak ezartzen duen 54 eguneko epea amaitzeko bezperan hartu du Feijook. Gobernuak bihar argitaratuko du hauteskundeen iragarpena Galiziako Buletin Ofizialean.

Hauteskundeak aurreratuta, egungo Galiziako Gobernuaren lege proposamen esanguratsuenetako bat bertan behera geratuko da, oraingoz behintzat. Izan ere gobernuak 75etik 61era jaitsi nahi zuen Galiziako ganberako diputatu kopurua. Hartara, Ourense eta Lugo probintzietako botoen pisua handitu egingo litzateke; haietan du indarrik handiena PPk.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.