Espainiako inbestidura

Felipe Borboikoak denbora emango die alderdiei berriro bilera sorta batera deitu aurretik

Maiatzaren 2an amaituko da inbestidura saioa egiteko epea; ordurako adostasunik ez badago, hauteskundeak izango dira ekainaren 26an.

2016ko martxoaren 7a
14:55
Entzun

Pedro Sanchez PSOEko hautagaiaren inbestidura saioak huts egin ostean, Felipe VI.a Espainiako Erregearekin elkartu da gaur Patxi Lopez Espainiako Kongresuko presidentea. Lopezek jakinarazi dio ofizialki Sanchezek ez duela nahikoa babesik jaso Kongresuan. Borboikoak, berrez, esan dio oraingoz alderdiak ez dituela deituko beste bilera sorta batera, eta denbora emango diela euren artean hitz egin dezaten.

Borboikoak eman zion Sanchezi inbestidura saio batera aurkezteko mandatua. Horrek huts eginda, horri berriro edo beste norbaiti eman beharko dio. Nahi adina aldiz egin dezake. Muga bakarra epea da, lehen saioa egiten denetik (martxoak 2) bi hilabetera inork nahikoa babes lortu ez badu, berriro hauteskundeetara deitzera derrigortzen baitu Espainiako Konstituzioak. Zenbait adituk diote Borboikoa ez dagoela inori mandatua ematera derrigortuta ez badu ikusten nahikoa babes dagoela.

Hainbat komunikabidek zabaldu dutenez, Lopezek nahiago du Felipe VI.ak oraindik ez badio inori ematen babesak lortzen saiatzeko agindua, hautagairen batek babesa bermatuta izan arte zain egotea egokiago iruditzen baitzaio. Inori mandaturik ez emateak negoziaketetarako aukerak handitzen dituela uste du Lopezek, eta horrek akordioak erraztuko lituzkeelakoan dago.

Nolanahi ere, ez dirudu erraza inork gehiengoa lortzerik. PSOEk Ciudadanosekin itxita duen akordioa ez du zalantzan jartzen, eta negoziaketetarako tarte berri honetan bi alderdiek bloke bakar baten gisara jokatuko dutela iragarri dute, bileretara bietako kideak joanez. Podemoseko kideen adierapenen arabera, horrek ezinezko egiten du haiekin akordioa lortzea. Babesik eman ezean, herri eta hirietako lankidetzak puskatzearekin mehatxu egin du PSOEk; Sanchezek, ordea, ukatu egin du babes falta horrela ordainaraziko diotenik. PPk ez dizkio biltzeari ateak ixten, baina esana dauka ez duela Sanchez inoiz babestuko, berak irabazi zituelako hauteskundeak.

Sanchezi deitzekotan dela jakinarazi du, hain justu Rajoik. "Koalizio handia" egiten saiatuko da, berriz ere. alegia PP, PSOE eta Ciudadanosen arteko akordioa lortzen. Baina PP inolaz ere ez duela babestuko ohartarazi dio Sanchezek. Telefonoa hartuko dio, eta bilduko da, baina PSOEk Ciudadanosekin gobernatzeko behar duen abstentzioa eskatuko dio Rajoiri.

Maiatzaren 2an amaitzen da inbestidura arrakastasua egiteko epea. Ordurako hautagai bat babestuko duen gehiengorik ez badago, hauteskundeak egingo dira ekainaren 26an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.