Nestor Kirchnerren heriotza ez da inorentzat mesedegarria gertatu. Ezta presidente izandakoarekin bat egiten ez zutenentzat ere. Ez ofizialistentzat, ezta oposizioarentzat ere. Hutsuneak ezeroso bihurtu du dena. Haatik, hutsunearen sindrome horrek ez ote duen jeneralak joaten direnean gelditzen den hutsartearekin antz handiegia. Horretan dago Santiago Kovadloff analista: «Agintzen duten bitartean, dena izan nahi dute. Boterea galtzen dute, Kirchnerren kasuan bizitza, eta inork ez ditu ordezkatzen». Oinordekorik izendatu gabe zendu da Kirchner; hori dela eta, Argentinako politikan eten bat gertatu da; ez instituzionala, Cristina Fernandezek presidentetzan jarraituko duelako -hamahiru hilabete iraun behar du oraindikkarguan-, baina bai gobernabidean.
Hainbatek uste du hutsunea bere alde baliatzen badu Kirchnerren alargunak etekin politikoa aterako diola gertatuari.Aldiz, heriotzak Fernandezen amaiera ekarriko duelakoan daude beste hainbat. «Eva Duarte hil zenean Juan Peronekin gertatu zen bezala, eta Juan Peron hiltzean Isabel Martinezekin, eta gero Ricardo Alfonsinekin gertatu zen bezala... halaxe gertatuko zaio ere Cristina Fernandezi:jendearen errukiak eta saihestu ezin den idealizazioak atributuz jantziko dute presidentea. Eta arrazoi bategatik edo beste bategatik, desagertutako pertsonaia handien gertuko bihurtuko dira asko». Kovadloffek uste du erreakzio normalak direla halakoak; alabaina, kezkatuta dago jendearen mina etekin ideologikoak lortzeko erabiliko dutelako, baita batzuen boterea sendotzeko balia dezaketelako ere.
Nestor Kirchner herenegun hil zen, bihotzekoak jota, El Calafate hirian. 70 urte zituen politikari peronistak, eta politikan oso aktibo ari bazen ere, medikuek bizitza lasaiagoa egiteko gomendatua zioten. Ez zien jaramonik egin; aitzitik, hurrengo urteko presidentetzarako bozetara aurkeztekoa zen, nahiz eta hautagaitza oraindik ofizial egin ez zuen.
Atzo beilatokia zabaldu zuten Buenos Airesen, eta ehunka lagun hurbildu ziren azken agurra ematera. Gaur Santa Cruzera, jaioterrira eramango dute gorpua. Hileta noiz egingo duten ez dute oraindik zehaztu.
Ekonomia ardatz
Argentinako historian inoiz gertatu gabekoa gertatu da Kirchnerren heriotzarekin: presidente ez izanagatik, presidenteek hiltzen direnean sortzen duten zirrara eragin du. Adituen ustez, Argentinan egoera ezohikoa bizi zutela erakusten du horrek. «Instituzionala politikoaren menpe zegoen». Rosendo Fraga analistaren iritzian, azken unera arte arduratu zen Kirchner hori erakusteaz: benetan berak agintzen zuen, eta ez haren emazteak. «Orain Fernandez dago agertokian; boterea bere kabuz gauzatzeko aukera du». Senarrak inposatutako estiloa, norabidea eta politika aldatzeko, berresteko, zuzentzeko edota aldatzeko aukera du presidenteak.
Izan ere, ospea ekarri zioten erreformak sustatu bazituen ere, etsaiak nonahi agertu zaizkio presidente izandakoari azken hilabeteetan. Kirchnerismoak beheranzko joera hartu zuelanabarmen geratu zen joan den urteko Parlamenturako hauteskundeetan. Baina gauza denak ondo egin ez zituela erakusten duten sintoma gehiago ere izan dira, hala nola ekonomian: urtean %9 hazi bada ere, egun herritarren artean hirutik baten sostengua besterik ez du hark bultzatutako politikak.
Presidente zela ospea eman zioten erreforma eta neurri ekonomikoak sustatu zituen Kirchnerrek. Presidente kargua utzi ondoren ere, eta ministerio baten ardura hartu gabe, bera arduratu da herrialdeko ekonomiaz. Amado Boudouk ministroarenak egin ditu, ez du, haatik, buruzagi peronistak agindutakoa besterik egin.
Fernandezen gobernuak aginteari eusteko egin beharreko lehen aldaketa, hain zuzen, ministerio horretan egin beharrekoa da. Kargurako puntu gehienJulio De Vidok du, gaur egungo Azpiegitura ministroak. Aldaketa horrekin, baina, Kirchnerrek urratutako bidetik segitzea erabakiko luke Fernandezek. Senarraren heriotzak alargun eta politikan herren utzi duenetik, baina, ez du argitu zein izango den jarraitu behar duen estrategia: betiko ildotik segituko duen edo orain artekoarekin hautsiko duen.
Fernandez agertokian azaldu da
Eragin dituen zalantzengatik, Kirchnerren heriotzak inori ez dio mesederik egin; Argentinan eten politikoa gertatu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu