Fidel Castro (Kuba, 1927) ekinean da berriro. Bi hilabetez idazluma alboraturik eduki ondoren, Kubako presidente izandakoa Gogoetak deitutako artikuluak idazten hasi da atzera. La marcha hacia el abismo du izenburua bere webgunean argitaratu duen testuak, eta gerren mehatxua eta aldaketa klimatikoa ditu hizpide.
Aurreko astean sare sozialetan Castroren osasun arazoen gaineko zurrumurruak zabaldu ziren; izan ere, ez zuen ezer argitaratu azaroaren 13tik. 2006ko uztailean Castroren gaixotasuna medio, bere anaia Raul Castrok eskuratu zuen Kubako boterea, eta ordutik askotan aipatu da presidente ohiaren osasuna artikuluak ohiko maiztasunarekin ez idazteagatik. Aurten 85 urte bete ditu Castrok.
Israel eta AEB ahotan
Gaur kaleratutako testuan idatzi duenez, gizakia "azken judizioaren" aurrean da. Hala, "borrokatzeko beharra" azpimarratzen du "gertaera hori atzeratu edo galarazteko". Bi arrisku azpimarratzen ditu guztien gainetik: gerra nuklearra eta klima aldaketa. Haren ustez, "biak dira erabakigarriak eta biak daude irtenbide bat aurkitzetik urruti".
Israel eta AEBak dira mehatxurik handienak Castrorentzat. Arma nuklearrak gordetzea egozten dio Israelgo Gobernuari, eta AEBei eta haren aliatuei "munduari hitz jario demagogiko eta tiranikoak inposatzea". Gainera, Barack Obama AEBetako presidentearen jarrera kritikatzen du, bai auzi nuklearrari dagokionez, baita Kiotoko hitzarmena betetzeari dagokionez ere.
Aldaketa klimatikoaren ildotik, gas erreserbak eta horien esplotazioak eragiten dituzten kalteak ere azpimarratzen ditu.