Kuba

Fidel Castro: "Ez dugu behar inperioaren oparirik"

Buruzagi historikoak gogor kritikatu du Obamak eginiko bisita, eta gogorarazi du 60 urte iraun duela AEBek Kubari jarritako bahimenduak. 'Anaia Obama' izeneko gutunean erantzun dio Castrok, AEBetako estatuburuari.

Venezuelako estatuburu Nicolas Maduro eta Fidel Castro, Habanan, artxiboko irudi batean. EFE
2016ko martxoaren 28a
16:30
Entzun

"Kubatarrek gertu izan zuten bihotzekoa AEBetako presidenteak estatubatuarren eta euren arteko adiskidetasun eta senidetasuna aipatu zuenean, ia 60 urte iarun duen bahimendu bihozgabearen ostean. Eta mertzenarioek Kubako itsasontzi eta portuen aurka egindako erasoetan hil direnak?", gaitzetsi du Fidel Castrok. Hainbat hilabetez isilik egon ostean, Anaia Obama izeneko artikulua plazaratu du buruzagi historikoak. Hor, AEBetako estatuburuak uhartera egindako bisitari buruzko gogoetak jasotzen ditu. Besteak beste, "ezti jarioz betetako adierazpenak" egitea egozten dio Barack Obamari.

Castrok nabarmendu du "inoiz entzun gabeko hitzak" entzun zituztela Obamaren hitzaldian, hark "adiskidetasunez eskua luzatu" zienean. Hala, buruzagi historikoak ohartarazi du kubatarrek ez dutela "inperioak" egindako "oparien" beharrik. "Gure ahaleginak legezkoak eta baketsuak izango dira, konprometituta gaudelako lurrean bizi garen gizaki guztien arteko bakearekin eta senidetasunarekin".

Kubako estatuburu izandakoak ez du ahaztu 1961ean Cochinos badia inbaditzen saiatu zirenekoa. "Ezerk ezingo du zuritu gure herriari ehunka galera eragin zizkion azpikeriazko eraso hura".

Ez dira berdinak

AEBak eta Kuba, biak ala biak, Afrikatik eramandako esklaboez osatutako herriak direla esan izana ere ez dio onartu Castrok Obamari. "Obamak ahaztu du arrazakeria Iraultzarekin amaitu zela, eta ez du esaten kubatar guztiei soldata bera izatea ahalbidetu zuela hark, berak 10 urte egin baino lehenagotik. Herritar beltzak aisialdi guneetatik kanporatzeko mertzenarioak kontratatzeko ahitura burges eta arrazista ere Iraultzarekin amaitu zen", erantzun dio mandatari estatubatuarrari.

Bide batez, Castrok aholkatzen dio Obamari "hausnar" dezala eta ez ditzala "teoriak" asmatu Kubako politikagintzari buruz. "Inork ez dezala amestu herrialde zintzo eta onbera honek uko egingo diela hezkuntzaren, zientziaren eta kulturaren garapenarekin lortu dituen eskubide eta arimaren aberastasunari".

AEBetako estatuburuak Kubarako bisita iragarri zuenetik, lehen aldia da, Castrok adierazpenak egiten dituela.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.